Etnografia atalak

0

 

Igarri ere egin barik, urtebete igaro da Gurutzi gure ondotik joan zenetik. Baina holakoa da bizitzaren legea; denborak aurrera egiten du, eta geuk ere halaxe egin behar.

Ekintzaile handia izan zen Gurutzi. Azken egunera arte langile nekaezina bere buruarentzat; hauspo, akuilu eta eredu berarekin lan egin genuenentzat. Aitzindaria arlo askotan; gizonen artean adore, ahalegin eta esfortzu handiz kulturaren munduan bere lekutxoa egiten jakin zuena.

Gazte-gaztetarik beste lanbide batzuetan ibili eta ostean, jakin-minak bultzatuta Deustuko Unibertsitatean sartu zen 25 urtetik gorakoen sarrera gaindituta. Soziologia ikasi eta 1975ean lizentziatu zen. Etnografia arloan egindako ibilbide profesional luzean ikerke

ta bi izan ziren ardatz: D. Jose Migel Barandiaranek asmatutako Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, Ander Manterolarekin batera gidatu eta koordinatu zuena; eta Bizkai osoan herririk herri ibili eta gero, 1987an ermiten gainean hiru liburukitan argitaratu zuen lan mardula. Gerora, 1996an doktoradutza tesia egiteko lan horretan oinarritu zen, eta 1999an Origen y significación de las ermitas de Bizkaia izenburupean kaleratu zuen.

Etniker Euskalerria Taldeen urteko batzarra. Leioa 2018.

Izan ere, arlo horretan nabarmendu zen gehien-gehien Gurutzi. Ermitak eurak, santorala, ospakizunak, ermita-inguruko ohiturak, esangurak, auzunean izan dituzten betekizunak, kofradiak eta ermiten inguruko antolaketa sozialak ikertu zituen.

Beste gai batzuez ere asko idatzi zuen hainbat aldizkari eta liburutan, baita euretako idazketa-taldeetan parte hartu ere.

Erakunde askotako kide izan zen. Labayru Fundazioaren sortzaileetakoa eta bertan Etnografia arloko eta Etniker Bizkaia aldizkariko zuzendaria; Eusko Ikaskuntzako idazkariorde eta Antropologia-Etnografia ataleko presidentea; Bilboko Euskal Museoko bokala; José Miguel de Barandiaran Fundazioaren bokala; Durangoko Arte eta Historia Museoko bokala…

Gurutzi, lagunen laguna; mendizalea, familiazalea, kuadrillazalea, ameslaria bai baina oinak lurrean zituena; euskalzalea eta euskal kulturazalea. Berba batean, emakume paregabea! Beti irribarretsu eta alai gogoratuko dugu.

Labayru Fundazioa

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~