Etnografia atalak

0

Kuiak joko handia ematen ari dira azkenaldian (Argazkia: E. X. Dueñas).

Gizartean bizi gara eta geu ere gizarte horren parte gara, gura zein gura ez. Gizarte horretan eragin zuzena daukate aisialdiaren eta dibertimenduaren arloko azken joerek. Haiek elikatzen dute eta horretara prestatzen da herrietako jai-programa.

Eta, azken urteotan, jaiok ugarituz eta/edo eraldatuz joan dira. Horren adibide da Domu Santu eguna. Duela gutxira arte ez zen ia ezagutzen XX. mendearen erdialdera arte herri batzuetan kalabazak husten zirela auzokoak beldurtzeko; orain, berriz, lehendik ere geure Halloween genuela esaten dugu, baina beste izen bat zuela eta Kristautasunaren aurreko ustezko erlijio baten emaitza zela. Identitatearekin lotutako elementu bat behar genuen, aurreko mendean Olentzerorekin egin genuen moduan, diferentziak alde batera utzita.

Mamuak eta beste objektu fantasmagoriko batzuk (Argazkia: E. X. Dueñas).

Kuia bat hustu, zuloak egin eta, gaueko bide lokaztu haietan, zutol batean jartzea, ahal izanez gero barruan kandela eta guzti, benetan beldurgarria izango zen urteko edozein unetan; baina ez nahitaez urriaren 31tik azaroaren 2ra bitartean. Are gehiago, esan dezakegu, seguruenik, egun horietan gutxien.

Ahozko lekukotzak iraganari buruzko informazioa dira, baina baita bizipen eta oroitzapenen interpretazioa ere. Eta horri geuk zerbait gehitzen badiogu, esaterako, testuingurutik ateratako irudi batzuk, arriskua dago egiaztatu gabeko eta tokian tokiko datu zehatza orokortzat hartzeko.

Hori gertatu da azken aldian zabaldu diren Gau beltza eta Arimen gaua terminoekin, besteak beste; bai eta aurpegiko eta gorputzeko margoen eta izaraz, katez eta buruak estaltzen dituzten margotutako trapuz osatutako jantzien agerpenarekin, beldurrezko filmen ondorioz.

Ez dut uste gogoratu beharra dagoenik nolako indarra, debozioa eta, jakina, kontrola izan duen katolizismoak antzinatik gure lurraldean, Domu Santu egunaren eta Hildakoen egunaren (Arimen eguna) ospakizunetan kutsu profanoko mozorroak eta ospakizunen zantzu txikiren bat ikusteko.

Mozorroak eta makillajeak ospakizuna eraldatu dute (Argazkia: E. X. Dueñas).

Mozorroak eta saltzen diren beste objektu batzuk, plazan egiten diren haurren tailerrak, kontzertuak, lehiaketak, eskoletako jarduerak… Gure artean geratuko dira edo urteekin aldatu egingo dira?

Hilerrietara joatea, hilobira loreak eramatea, han otoitz egitea, eskaintzetako ogiak meza-mutilei eta haurrei banatzea, argizaiola piztea, eliza-sarrerako eskea eta abar iraganeko erlikiak baino ez dira, baina oraindik ere mantentzen dira, toki batzuetan beste batzuetan baino errotuago. Badirudi geurea dena iraunarazteko eta, aldi berean, pluraltasuna xurgatzeko etengabeko premia dugula.

 

Emilio Xabier Dueñas — Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~