Etnografia atalak

0

Hileta-segizioa kanposanturako bidean; Urduliz, 1970. Iturria: Gotzon Arrieta. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Hileta-errituak asko aldatu dira. Gazteengan, batez ere, fedegabetasuna zabaldu da, eta albo batera utzi dituzte erlijio-ohiturak. Antzina, familia bateko bizidunak eta zendutakoak bat ziren. Heriotza, kristau kulturan, bizitza batetik bestera iragatea da.

Etxeetan, egunero hartzen zituzten gogoan hildakoak. Otoitz egin aurretik, esaldi hau esaten zen (aldaerak aldaera): “etxe honetatik joan diranen alde”. Ideia horretan sakonduz, Bizkaiko Foruen alderdi berezi bat da elizako hilobia etxearen parte izatea. Ondasun tronkala da, eta horren araberakoa da haren zoria.

Gaur egun ia inor ez da etxean hiltzen, heriotza ospitaleetan, kliniketan edo egoitzetan gertatzen da. Aspaldi, hildakoaren etxeak protagonismo berezia zuen; gaur egun, ostera, beilatokiek hartu dute protagonismo hori. Erraustea nagusitzen ari da, hilobiratzearen ordez.

Ia ez da egiten kristau hiletarik gorpua bertan dela, ezta errautsak ere. Gero eta erritu zibil gehiago egiten dira, bai beilatokietan, bai hilerrietan edo bestelako lekuetan. Dagoeneko ez dago doluaren kanpo-ikurrik edo markarik, ez familietan ez etxeetan.

Behiala, norbait hilzorian zegoenean, senideek parrokiako abadea joateko eskatzen zuten, azken uneetan laguntza emateko. Apaizak olio santuak eramaten zituen, eta Azken Igurtzia ematen zion gaixoari, hark konortea bazuen, eta, ondoren, Biderakoa.

Behin zenduta, hildakoa meztitzen zen, eta emakumeek izaten zuten lan hori egiteko ardura. Gorpua garbitu eta jantzi egiten zen. Antzina, sarritan, erlijio-ordena baten abituarekin, edo, halakorik ezean, traje edo arropa egokiren batekin. Auzoei kanpai-hotsez ematen zitzaien heriotzaren berri, eta desberdin jotzen ziren hildakoa gizona, emakumea, haurra edo apaiza izan. Gaur egun, herriko leku jakinetan ipinitako eskelen bitartez egiten da hori.

Abadeak elizatik hildakoaren etxerantz irteten zirenean, hil-kanpaiak jotzen zituzten. Segizioak, apaizez gain, beste hauek ere bazituen gutxienez: eliz mutila, prozesio-gurutzearekin, beste bi zutargi banarekin, eta beste bat isipua eta txoletarekin. Zenduaren etxera iritsitakoan, apaizak haren gorpua bedeinkatzen zuen, eta elizarantz abiatzen ziren, hil-kantuak eginez. Mota desberdinetako segizioak zeuden. Ohikoa izaten zen, esaterako, prozesio-gurutzea egotea aurrean, eta haren atzetik hilkutxa eta apaizak. Ondoren, doluan zeuden gizonak –hildakoaren hurkoenak lehenik–, eta, jarraian, andreak, ordena berean. Atzerago, bertaratutako jenda, gizonak aurrean eta emakumeak atzean.

Hiriguneetan, segizioa biderik laburrenetik egiten zen. Landa-eremuetan, aldiz, hileta-bideak, andabideak, aurrez ezarrita zeuden, eta leku jakinetan egiten ziren geldialdiak. Anderuak hildakoaren auzokoak edo senideak izan ohi ziren, edo bien arteko nahaste bat. Batzuetan, lankideak ere bai. Elizara iristean, segizioa antolatzen zen elizatean: emakumeak hilkutxaren atzean jartzen ziren, eta, ondoren, gizonak. Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean, aldaketa nabarmenak egin ziren. Gernikan, esate baterako, hileten jarraigoak egiteari utzi zitzaion 1960. urtearen erdialdean.

Zeremonia erlijiosoa aukeratzen dutenen hileta meza hutsa besterik ez da orain, eta gehienetan ez da gorputz aurrekoa izaten. Ondoren, olata-meza, hilero igande batez egiten dena aurreko hilabetean hildakoen omenez, eta lehenengo urteurreneko meza, hori ere bateratua. Dagoeneko desagertuta dago behinolako ohitura bat: hildakoaren arimaren aldeko mezak enkargatzekoa. Harekin lotura zuten familiek egiten zuten enkargua, eta, gerora, ordain bera jasotzen zuten.

Segundo Oar-Arteta — Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~