Etnografia atalak

0

Bakioko Ariatza, 1952. Iturria: Jorge Arroyo.

Euskal Herriko kostaldeko herriek badute ezaugarri amankomuna, Kantauri itsasoaren ertzean daude; baina, askotan, berarekin duten hartu-emanak batu ez ezik, bereiztu eta besberdindu ere egiten ditu. Bitxia da, salbuespenak salbuespen, kostaldeko herriak zelan txandakatzen diren: batzuk portu-herriak dira, beste batzuk hareatzadunak. Eta, beste kasu batzuetan, itsaslabarrek zaildu egiten dute bertako bizilagunak itsasora iristea eta itsasoarekin harreman estua izatea.

Bakio Bizkaiko udalerria da, hondartza zabala duena. Tradizioz nekazaritza eta abeltzaintza izan dira jarduera nagusiak, eta esanguratsua da bere jatorrizko gunea eta baserri gehienak kostaldetik nahiko urrun egotea. Bakiotarrek lotura gutxi izan dute arrantzarekin. Horregatik, jarduera horri etekin gutxi atera izan diote, eta norberaren kontsumora bideratuta gehienetan. Noizbehinka, itsas barruko arraina lortzeko txalupatxoak erabili badira ere, gehienentzat nahikoa zen hondartzako haitzetara hurbiltzea, lapak, magurioak, olagarroak edo amorrotzak, eta lanpernak lortzeko.

Hondartzari dagokionez, azpimarratzekoa da bertakoek ez dutela izen berezirik erabiltzen. Areatza berbaren ahozko aldaeraz izendatzen dute, Aritza; hau da, harea ugari dagoen lekua. Horrek adierazten du bakiotarrek ez ziotela aparteko garrantzirik ematen hareatzari. Leku-izen hori ohikoa da kostaldeko beste herri batzuetan ere, hala nola Muskizen (Arena hondartza) edo Getxon (Areeta/Las Arenas auzoa); baita barruragoko beste batzuetan ere, kasurako, Bilbon (Areatza/Arenal pasealekua) edo Arratiako haraneko Areatza herria dira horren adibide.

Hondartzatik idiekin harea ateratzen, 1958. Iturria: Jorge Arroyo.

Bakioko adineko nekazariei hondartzarekin izan duten harremanari buruzko oroitzapenez galdetuz gero, erantzuna beti berdin antzekoa izaten da: “baserrian ez zegoen hondartzara jaisteko astirik”. Erantzun hori gaur egun hondartzari buruz daukagun ideia modernoarekin lotzen da; izan ere, hareatza aisialdirako eta kirolerako lekutzat hartzen dugu. Aldiz, hondartza eta itsasoa, nekazaritza- eta abeltzaintza-lanetarako erabili duten galdetzen diegunean, erantzunak askotarikoak dira.

Harea hainbat zereginetarako erabiltzen zen. Hondartzatik harea atera egiten zuten, dela udal-baimenarekin, dela erosita edo dela dunen eremu pribatuan eskatuta. Edozein kasutan idi-gurdiekin garraiatzen zuten. Askotan abereen simaurra baserrietako ukuiluetan lehortzeko erabiltzen zen, normalean erabilitako iratzeak eta belarra baino lehortzaile hobea baitzen. Kasu batzuetan, otearekin batera nahasten zuten.

Harearen beste erabilera bat zainzuriekin lotuta dago, Bakion ohikoa zena. Harea horretarako funtsezkoa zen, guztiz beharrezkoa, lurrarekin nahastuta zoruari drenatzen laguntzen ziolako. Hondarra urtero berritu behar zen, soto bakoitzean arteko urtekoa kenduta.

Bakioko hondartzatik ateratako hareari buruzko udal akta, 1940-02-01.

Hondartzako harea eraikuntzarako ere erabiltzen zen, zementuzko edo hormigoizko morteroa egiteko. Horren adibide da 1940. urtean Mungiako parrokia berreraikitzeko ateratako harea. Baina harearen kresalak, urte gutxian, berari jotzen zeuden elementu metalikoak ugertu egiten zituen (hodiak, armadurak, barandak, etab.). Horregatik, debekatu egin zuten harea erabiltzea, eta harrezkero obra txiki edo kasu jakin batzuetarako baino ez zen erabiltzen.

Azkenik, itsasertzeko hondar gainean, batzuetan, harrikirri-guneak agertzen ziren. Harri-koskor horiekin baserrietarako bideak egiten zituzten, zementua botatzea oso garestia baitzen.

Hurrengo astean Bakioko hareatzako beste osagai batzuk (itsasoko ura, itsasbelarrak…) zelan erabiltzen ziren ikusiko dugu.

 

Zuriñe Goitia

Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~