Etnografia atalak

0

 

Erromatar goardia. Fernando Hualde.

Aste Santua leku guztietan berdin antzekoa da; izan ere, denetan oinarri erlijiosoa bera da. Iruñean ere beste herri batzuetan egiten diren moduko penitentzia ekitaldiak egiten dira. Nafarroako hiriburuaren kasuan, ekitaldiok hauek dira: egun santu bakoitzari dagozkion Ofizioak, Ostiral Guren arratsaldeko Hileta Santua deritzan prozesioa; eta aurretik, goizean katedralean egiten den “Zazpi Hitzen” funtzioa. Hala ere, Iruñeak aspalditik jakin izan du Aste Santuari aparteko ezaugarriak ematen, besteen aldean desberdin bihurtzen dutenak. Ikus ditzagun beste leku batzuetan agertzen ez diren berezitasun garrantzitsuenetako batzuk.

Kristo Altxatua. F. Hualde.

Lehenengo ezaugarria: jende gutxi jabetzen da horretaz, baina Iruñean egiten da Estatu mailan Aste Santuari lotutako lehenengo prozesioa, eta hori Aste Santua baino berrogei egun lehenago izaten da; hau da, Hausterre egunean. Egun horretan, oraindik inauterien ostea kaleetan nabari dela, tunikadun penitentzigileak ―Iruñean mozorro esaten zaienak― ateratzen dira kalera isil-isilik, erromatar goardiaren atzetik. Isiltasun hori Pasioaren Anaikideak Kristo Altxatuaren irudia igaroteko albo-alboka daramatzaten egurrezko anden krakadek baino ez dute apurtzen. Kristo Altxatuaren irudia ―Erronkariko Fructuoso Ordunak egindakoa― Dormitalería kaletik Iruñeko katedralera eramaten dute, eta han katedraleko kabildoak hartzen du. Irudi horrek han igarotzen du Garizuma, Aste Santura arte ostiralero egiten diren gurutze-bideei gorentasuna emanez.

Bost Zaurien funtzioa. F. Hualde.

Iruñean, 1600. urteaz geroztik, penitentziarekin lotutako aparteko beste ekitaldi bat ere egiten da. Bost Zaurien funtzioaz ari gara, hau da, izurritetik libratu zuelako Iruñeko hiriak 1599an egin zuen boto-berritzeaz. Harrezkero, Ostegun Guren arratsaldean, Ofizioen aurretik, San Agustin parrokia-elizan egiten dute hori. Udalbatzak, Hiriaren izenean, udaletxetik elizarako ibilbidea egiten du. Horretarako ikur, ezaugarri eta protokolo bereziak erabiltzen dituzte, hain zuzen ere, urtean sei aldiz baino erabiltzen ez direnak, euretako bat egun hori delarik.

Eta norbaitek egun santu horietan Iruñeko xehetasun gehiago bilatu nahi badu, ez ditzala galdu Doloretako Ama Birjinaren lekualdaketa eta Doloretako Ama Birjinaren Itzulera. Prozesio bi horiek fededunen debozioaren adierazle ezin hobeak dira; milaka pertsonak laguntzen diote Bakardadeko Ama Birjinari, Dolorosari, babesleku duen San Lorentzo elizatik Iruñeko katedralera egiten duen joan-etorrian. Ekitaldi hunkigarriak dira, zinez, isiltasuna bera ere entzun egiten da. Penitentziarako zazpi egun horietako jardunaldi bereizgarriak dira, Gaztelako eta Andaluziako prozesioen ikusgarritasunaren aldean oharkabean pasatzen direnak.

 

Fernando Hualde (Etnografoa – Labrit Ondarea)

 

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~