Etnografia atalak

Gorriak eta banderaria. Luzaide (Nafarroa), 2013. Argazki-egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Europako talde tradizionaletan, helduarora igarotzeko sozializazio-prozesuak eta gazteen adin-kategoriari erantsitako rolak funtsezko garrantzia izan dute. Izan ere, funtsezkotasun hori nabaria izan da: gazteria inplikatu egiten zen gizarte-ekintzetan, belaunaldi gazteek heldu eta zaharren lekua eta erantzukizuna bereganatzen zituzten, lanean zein bestelakoetan, eta dikotomia orekatua zen nagusi gizarte-kontrolaren eta bizitzaren aldi horri dagozkion zenbait askatasun edo onargarritasunen artean. Hau da, honako hauek izan ohi ziren beren eginkizunak: tokian tokiko muga geografikoak defendatzea eta armak modu antolatuan erabiltzea; gainbegiratzea eta zentsuratzea, ohituretatik desbideratuz gero; gainerako gazteei auzotasun ona erakusteko gonbit egitea, bai herrian bertan, bai inguruko herrien artean, eta, ageriko lehietan, agente aktiboak izatea; agintari eta herritar gorenei kortesiazko bisitak-eta egitea; eta prest egotea auzolanean gogotsu laguntzeko. Gazteriaren eskuetan zegoen, jakina, belaunaldien jarraipena ahalbidetzen duen birsortzeko ahalmena.

Plaza-mutila. Arratzu (Bizkaia), 1990eko jaiak. Argazki-egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Auzo edo herri bereko gazteek, adin, kinta edota genero berekoak, elkartu egiten ziren taldeetan, ingurumariko jai-ospakizunak ospatzeko eta, batez ere, urtean egin beharreko jolas-jardueren antolaketa eta jarraipena egiteko, erantzukizun hori berena baitzen. Euskal Herrian ere horrela zen: Iparraldean, Nafarroan (lagunartea, kintoak eta moceríos zirelakoak), Araban (mutil-, maiordomo- eta gazte-elkarteak, edo bertokoek zeritzetenez: sociedades de mozos, mayordomías eta mocedades), Gipuzkoan (Aia-Zarautzeko mutil-ardoak edo Leitzaraneko mutil gazteak) eta Bizkaian (zaragi-mutilak Busturialdean eta eskotekoak Mungialdean eta Durangaldean). Jaietan, ohiturazkoa zen beren esku-hartzea eta, neurri batean, udalbatzarekin partekatua; gaur egun, aldiz, jai-batzordeak dira haien oinordekoak.

Kide berriak hartzen ziren urtero talde eta elkarteotan. Parte hartzeagatik, bakoitzak zegokion ordainkizuna ordaintzen zuen, arduradun edo gazteria-buruak (danbolin-nagusiak edo mutil-nagusiak, giltzeroak, gorriak, espenseroak edo kamareroak, maiordomoak, plaza-mutilak, priores eta mozos mayores zeritzetenak…) aukeratzen ziren bazkideen artean, eta andrezkoetan horien parekoak zirenekin bat egiten zuten (bikotekidea, neska-laguna, arreba…). Moduak eta moduak zeuden, karguak eman eta hartzeko: joan zihoazenek izendatuta, bozketa edota zozketa bidez, norberaren trebetasun jakinen bat zela medio, adindunak edo urte horretan ezkonduak izateagatik (gaztetzat hartzen ziren lehen seme-alaba jaio arte). Eta ohikoa zen karguaren bereizgarriren bat aldean eramatea (koloretako zintak txapelean, banda gurutzatua bularrean, elementu sinbolikoa edo jantzi berezi eta bereizlea).

Altsasuko (Nafarroa) kintoen Zortzikoa, 2000ko santagedak. Argazki-egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Gazteria-buru horiek garrantzizko zereginak zituzten jai-bezperetan: musikaria herrira ekarri, jai-egunetan edatekoa zen ardoa agindu eta lokal jakin batera (gaztetxe, etxe partikularra, taberna edo ostatua…) garraiatu, jaietako gastuetarako ezarritako ordainkizuna ordaindu, ordezkari berrien hautaketaren arduradunak izan, eta ibilbide ofizialak (alboradak, errondak, prozesioak, jarraigoak…) edota informalak (eskeak, bisitak, gorespenak…) antolatu eta horietan parte hartu.

Dantzarien jarraigo erritualak ere eratzen edo kontratatzen zituzten, baita dibertsioa ziurtatu, lehiaketa tradizionalak antolatu eta joko erritualen (oilar- edo antzara-jokoak) arauak betearazi ere. Gainera, toki nabarmena hartzen zuten protokolozko edo ohiko talde-dantzetan (sokadantzak, jauziak eta mutil-dantzak), neskatila gazteengana hurbildu eta dantza eskatzen zieten, eta dantzan egiteko baimen sekuentziatuak ematen zizkieten inguruko herrietako gazteei. Oparoak ziren janari- zein edari-sariak, batzuen eta besteen arteko auzotasun handia eta hartu-eman ona erakutsiz eta elkarreragin emankorrak sustatuz hurrengorako. Hori guztia, betiere, aurreko belaunaldien zaintza eta zentsura zorrotzaren babespean, alkoholaren edo jaiegunetako gehiegikerien, testosteronaren edota lehia zaharren ondorioak arintzeko.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~