Etnografia atalak

Oilar-enkantea Baranbion. Egilea: Felix Mugurutza.

Bihar, urtarrilak 17, larunbata, San Antonio Abadearen eguna izango da, animalien zaindaria. Eta gauean, Baranbio (Araba) herrian, Gorbeia mendiaren magal garai batean dagoen San Anton baselizan, tradizio zaharra mantentzen duen jai bitxia ospatuko da, “kandela-enkanteak” tartean.

Baranbiogoi izeneko auzune horretako bizilagun gutxiek gogoz itxaroten diote baselizan duten hitzorduari, egutegiko data esanguratsuena delako. Horrela, aurten ere errepikatuko dute, bertako apaizaren esanetan, gutxienez XVIII. mendekoa den ohitura.

Baseliza barruan afaltzen da hainbat herritarren artean prestatutako afaria eta, jarraian, ospakizuneko erritu ikusgarriena iritsiko zaigu.

Elizpean eta gauaren erdian, auzo-alkateak edo auzuneko neska gazte bat loteen errematearekin hasiko da. Horren helburua hurrengo urtean baseliza mantentzeko diru apur bat lortzea da.

Txerri hankez edo belarriz osatutako sortak, jateko prest dauden kazolak, ardo botilak, oilarrak… erakutsiko zaizkie bertaratutakoei. Eta esleipenak “kandela piztuan” egindako eskaintza-prozedura zaharrarekin egingo dira, zalantzarik gabe, horixe da ekitaldiaren ezaugarririk ikusgarriena.

“Kandela-enkanteak” izan ziren gure herri guztietan kontratak, zerbitzu publikoak, obra-egikaritzeak, hornidurak, alokairuak eta horrelako gehienak esleitzeko modua, 1881ean Prozedura Zibilaren Legeak debekatu zituen arte.

Kandela-enkantea Baranbion. Egilea: Felix Mugurutza.

Baranbioko gure jaian, dena hasiko da lote bakoitzaren aurkezpenarekin eta bere irteera-prezioaren aldarrikapenarekin. Orduan, pospolo bat piztuko da eta une horretan bertan hasiko da magia. Hirutik lehena izango da.

Isiotutako pospoloari eusten dion bitartean, enkantegileak animatuko ditu bertan daudenak, gero eta gehiago eskain dezaten, arrazoi on batengatik eginda dagoelako.

Hirugarren pospoloa kontsumitzean egin den eskaintzarik handienak, lotea hartuko du jabetzan. Baina, zirrara gehiago gehitzearren, hirugarren pospoloan postura bat jazo izan balitz, beste hiru gehiago piztuko lirateke. Horrela, zalantzan dagoenari errematea egiteko aukera emango zaio; hirugarren pospolo bat posturarik gabe kontsumituko den arte.

Eskaintza bakoitzarekin, enkante-gidariak “ardaoa!” edo “¡vino!” oihukatuko du. Eta ziztuan joango dira postura egin duenarengana ardo egosia duen edalontzi bete bat eskaintzeko. Horrela, gauak aurrera egin ahala, gogoak berotu egiten dira, eta poltsikoak gero eta eskuzabalagoak dira.

Bertatik alde egitean, gure buruari galdetuko diogu ez ote zen amets bat izango han goian ikusitako “kandela-errematea”, gure herrian hain arrunta izan zena baina duela mende eta erdi gure artetik ezabatu zena. Hotza, sua, oihuak eta pospolo horiek… inoiz ahaztuko ez ditugun pospolo horiek.

 

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~