Eliza Katolikoaren liturgiaren inguruko etnografiak –zeinak bete-betean eragiten baitigu– gainditu gabeko irakasgaia izaten jarraitzen du kulturaren alor horretan dihardugunontzat, eta hartara itzultzen saiatzen gara, noizean behin, blog honetan.
Gaurkoan, krisma mezan jarriko dugu arreta. III. mendean sortu zen ospakizun erlijioso hau, eta lotura zuzena du Aste Santuarekin. Haren barruan zegoen sartuta, eta, antzina, Ostegun Santuko goizean izaten zen. Zazpi eguneko tarte horretan ospatu bazitekeen ere, gaur egun Asteazken Santuan egiten da, nagusiki, dagokion Katedralean, gotzaina buru dela eta elizbarrutiko apaiz guztiak bertan direla. Ospakizunaren helburua da Krisma Santua sagaratzea, eta, aldi berean, katekumenoen eta gaixoen olioak bedeinkatzea. Bedeinkatzeko eta sagaratzeko ekintza gotzainei baino ez dagokie; hau da, Aita Santua ikusten dugunean zeremonia horretako buru, ez dihardu buru gisa Aita Santua delako, baizik eta Erromako gotzaina delako. Olio eta krisma bakoitzak bere otoitza du erritu honetan.
Krisma hiru sakramentu emateko erabiltzen da Elizaren barruan: bataioa, sendotza eta apaiz ordena hartzea; eta, era berean, eliza baten eskaintza egiten denean edo aldare bat sagaratzen denean ere erabiltzen da. Bestalde, katekumenoen olioa bataioan baino ez da erabiltzen, eta gaixoen olioa, berriz, gaixoen oliaduraren errituan.
Ez da ahaztu behar kultura kristauak, hainbat mendez geroztik, Pazkoko Bijilian eman nahi izan duela bataioa eta sendotza katekumenoei (kristau berriak), eta, aldi berean, sakramentuak Jesukristoren pasioari, heriotzari eta berpizkundeari darizkiela; horregatik daude lotuta krima meza eta Aste Santua.
Era horretara, Krisma Santuaren sagarapen horretaz eta olioen bedeinkapenaz gainera, elizbarrutian beren artzain lana egiten duten apaiz guztiak bertan egotea nahi izaten da; are gehiago, Vatikanoko II. Kontzilioaz geroztik haiei zuzendutako ekitaldia da. Une horretan berritzen dituzte apaizek beren promesak eta apaiz konpromisoak.
Beraz, lurralde honetan kristautasunaren iritsieraz geroztik gure arbasoek bai zeremonia gisa bai erritu gisa aldean izan duten zeremonia erlijiosoa da. Bitxia bada ere, hainbat mende aurretik, Nafarroako erresuman katekumenoen olioa bedeinkatu ordez, exorzismoen olioa bedeinkatzen zen, eta horrek lagun diezaguke ulertzen zergatik ematen zitzaien halako garrantzia.
Artikuluarekin batera ikusten diren argazkiak 2024ko Asteazken Santuan egin ziren, Iruñeko Katedralean. Eremu horretan bertan, antzinako Nafarroako erresumako errege edo erregina berriak igurzteko erabili zen olioa, bai eta haiek errege eta erregina aldarrikatzeko ere, beren ikurrekin agertu aurretik: kapa, ezpata, aginte makila eta koroa.
Fernando Hualde – Etnografoa