Etnografia atalak

0

Ellande Alfaro pilotagile artisaua, pilota larrua josten. Sara (Lapurdi). Iturria: Labrit Ondarea.

Kultura Ondare Immaterialaren (KOI) inbentarioei ekiterakoan, inbentario horren beraren ortzi-muga zehaztea ez da beti erraza izaten. Mugarik gabeko itsasoaz ari garela uste dutenak ez dira gutxi. Maiz, metodologia sistematizaturik gabeko egitasmoek mugagabeko esparruaren aitzakiapean ezkutatzen dute haien ezintasuna. Ez gara ari inbentarioen etengabeko berrikuspenaz, bere une bateko hedaduraz baizik, beti ere aldakorra dela jakinik eta tarteka gaurkotu beharrekoa.

UNESCOren definizioarekin bat, KOIak gizaki-talde batek belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzak, praktikak eta adierazpideak hartzen ditu barne, komunitate horrek bere nortasunaren parte gisa aitortzen dituenean. Definizioa bere horretan aintzat hartuta eta bertze inolako zehaztasunik gabe ekiten bazaio eremu geografiko jakin gabeko inbentarioari, ez da harritzekoa lana amaigabea dela pentsatzea.

KOIaren adierazpenen arlokako sailkapenari buruz ari bagara, UNESCOk bost arlotan sailkatzen ditu; Nafarroa Garaiko KOIaren inbentariorako Plan Zuzendariak eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, Estatu Frantziarreko inbentarioak zazpi arlo bereizten ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen legeak hamaika.

Arlokako sailkapen horiek, nola nahi ere, ez dute KOIaren inbentario baten hedadura mugatzen. Une jakin batean eremu geografiko zehatz batean bizirik diren KOIaren adierazpenen argazkiak ematen du inbentariatzeko esparruaren hedadura. Horretarako, lekuan lekuko komunitateekin balioztatu beharreko aurre-inbentarioa ezinbertzekoa da.

“Iruñeko Udala Hiri Gorputzean” Kultura Intereseko Ondasun izendatu izanaren ospakizuna. Iruñea (Nafarroa Garaia). Iturria: Labrit Ondarea.

Identifikazio aurre-inbentarioen beharra
Lehen urratsa ez da katalogo “ofizial” bat egitea, baizik eta aurre-inbentario malgu eta irekiak osatzea, non komunitate batek bere burua eta bere ondare bizia identifikatzeko aukera izanen duen. Aurre-inbentarioa unitate geografikoetan zehaztea oso lagungarri da, lekuan lekuko iturrietatik edan ahal izateko eta udalerri edo herri bakoitzari dagokion balioztatzea lortzeko gerora.

Identifikazio aurre-inbentarioak ahalbidetzen du ezagutza sakabanatua bildu eta mapatzea kabinete lanetik abiatuta.

Komunitate eramaileen baliozkotzea
Ezinbestekoa da komunitate eramaileek berretsi eta balioztatu dezatela zer jotzen duten haien ondare immaterial gisa. Zer adierazpen dagoen bizirik, zer puntura arte adierazpen bakoitza lotuta dagoen herriari, udalerriari, eskualdeari, herrialdeari edo nazioari, bai eta adierazpen bakoitzaren ordezkagarritasun eta identitate sentimendurako indarraren sailkapena.

Administrazioak, bitartekariek edo aditu teknikariek egin ezin duten urratsa da hau. Komunitatearen beraren auto-aitorpena da giltzarria.

Ortzi-muga zehaztuta
Egia da Kultura Ondare Immaterialaren adierazpenak oso anitzak direla eta definizioak berak ez duela muga itxi bat ezartzen. Hala ere, horrek ez du esan nahi guztiz mugagabeak direnik.

Adierazpenen arloak Euskal Herrian nahiko zehaztuta daude zazpi/hamaika kategoria nagusiren bidez. Horrek marko bat ematen du, nahiz eta kategoria horietan barne hartzen diren adierazpenak ugariak diren eta etengabe aldatzen ari diren.

Identifikazioa eta komunitate eramaileen baliozkotzea funtsezkoa da. Ondare immaterialtzat jotzen dena ez da kanpoko aditu batek mugatzen duena, baizik eta komunitate batek bere nortasunaren parte gisa aitortzen duena. Horrek esan nahi du kopurua ez dela infinitua, baizik eta komunitate jakin batek bere buruarekin identifikatzen duen neurrian mugatua.

Kultura Ondare Immaterialaren adierazpenak potentzialki ugariak eta dinamikoak dira, baina ez mugagabeak. Eremu kontzeptual batek sailkatzen ditu, komunitateek egiten duten aitortzak baldintzatzen ditu eta aurre-inbentarioek eta babes politikek forma ematen diete.

Adierazpenen inbentarioak dinamikoak dira, baina ez mugagabeak.

 

Gaizka Aranguren – Labrit Ondarea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~