Etnografia atalak

0

Alkate-dantza (1980). Artxiboa: Josu Larrinaga Zugadi.

San Anton eguneko (urtarrilaren 17an) animalien zaindaritzari eta San Bizente Martiriaren jaiegunari (urtarrilaren 21ean) neurri batean lotuta eta haiengandik hurbil, San Sebastian jaieguna dugu (urtarrilaren 20an), neguko ospakizun bitxien artean murgilduta. Batera uztartzen ditu maskaraden aldi berezi bateko elementuak (inauterietako pertsonaiak, behia edo bigantxa, suak eta suteak, zaratak eta algarak, adin-taldeak, dantzak, etab.) eta santuaren ezaugarri katolikoak (santu gerlaria edo izurritearen agerraldien eta ondorioen babeslea), Aurorako Ermandadearen Kofradiako kideen kantuak eta santuaren martirioaren irudi geziz josia.

Lakuntzan, bezperan hasten zen ospakizuna, txistulariaren gaueko errondarekin. Diana goiztiarra goizeko 08:00ak aldera izaten zen, eta santuaren ermitara (Arruazuko lurretan) erromerian zihoan segizioa biltzen zuen, meza entzuten zuten (11:00etan), dantza soltea egiten zuten ondoko plazan, eta abiaburura itzultzen ziren. Bazkalondoren, gazteak udaletxeko sarreran biltzen ziren, eta jauzika eta txaloka laguntzen zieten txistulariari eta udal-segizioari plazaraino, eta, plazan, alkate-dantza dantzatzen zuten. Dantza amaitzean, zahagi batean ardoa edatera eta ogia eta gazta jatera gonbidatzen zituzten bertaratuak. Urdiainen, ganaduari opor-eguna eman, eta eguneko prozesioan, Sebastian izeneko lau lagunek eramaten zuten santua. Parean pasatzean, ohorezko salbak jaurtitzen zituzten. Udalak ardoa jartzen zuen, gazteek intxaurrak, eta herriko giza dantza antolatzen zen.

Horren berpizkundea 1970eko hamarkadan hasi zen (30 urte igarota), Biotz Alai talde deustuarrak Lakuntzan egindako ikerketaren ondorioz. Sakanako zortziko guztien ikerketa zabal bat egiteko beharra nabaritu zuten (ikerketa-dinamikak hartaratua eta zegoen ezjakintasuna argitu nahian). 1974an amaitu zen berreskuratzeko lan nekeza, eta, hala, urte horretan gazteak San Sebastian eta Corpus egun tradizionaletan dantzatzera animatu ziren. Horretarako, funtsezkoak izan ziren Emilio Anduezaren eta inguruko beste pertsona batzuen testigantzak (Paquita de “Txuriko”, Anastasio Laskoz, La Salle ikastetxekoak, Lakuntzako pertzako gazteak, Germán Ostiza, eta abar). Hainbat urtetan, harremanari eutsi zioten, eta denek batera parte hartu zuten. 1980. urtean, alkate-dantzari eta ingurutxoei buruzko informazioa osatu zuten berriz, eta Corpusean dantzatu zituzten, Ihabarreko gazteekin batera. Emilioren harrera bikaina izan zen, datu berriak eman zizkigun —partiturekin batera Dantzariak 24 aldizkarian argitaratuta daude—, eta gozatu ederra hartu genuen plazaren inguruan egin zuen dantzaren interpretazio grinatsuarekin.

Lakuntzako agintarien mahaia (1974). Artxiboa: Josu Larrinaga Zugadi.

Esan bezala, bazkalondoren, Lakuntzako gazteek San Sebastian egunean eliza eta udaletxe ondoko plaza angeluzuzena hartzen zuten. Egun horretan, txaloka edo jauzika joaten ziren, txistulariaren doinuekin batera eta udal-segizioari laguntzen (alkatea eta bere zinegotziak buru zirela). Aguazilak ardoa (zahagian edo garrafoian) eramaten zuen, baita buztinezko bi pitxer eta barkiloak ere (bataioko gatza eramateko erabiltzen ziren zilarrezko kikara txiki lauak). Corpusean, dantza aldatu egiten zuten, dantzariak makila pare batez lotuta irteten baitziren plazara. Gainerakoan, alkate-dantzan ezarritako protokolo klasikoa betetzen zuten, dantza soltea eta kalejira, eta ingurutxo bereziak.

Bi egun horietan (San Sebastian eta Corpus egunean) hasten da alkate-dantza, plazaren lau aldeetan zortzikoaren bost doinuak interpretatuz; herriko agintariak buru dituen mahaiaren aurrean hasi eta amaitzen da. Etxezainak (alkatearen edo zinegotziren baten ahaideak) eta haren bikotekideak adierazitako doinuak egiten dituzte ondoz ondo, eta gainerako kideak, zapi koloretsuz lotuta, zain egoten dira. Amaitzean, lehen bikote horrek zubi bat egiten du, eta gainerakoak horren azpitik igarotzen dira. Horren ondoren, aurrez aurreko dantza egiten dute neska-mutilek, soltean, eta kalejiraren doinuarekin amaitzen dute. Ogia eta ardoa hartzen dituzte, translazio perpendikularra duten ingurutxo bereziei hasiera emateko (Emiliok koreografia horiek egiten zituen kriskitin erritmoan). Horrela amaitzen zen festa.

Josu Larrinaga Zugadi — Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~