Etnografia atalak

0

Gabon-mukurra. Iturria: Felix Mugurutza.

Euskal Herrian —eta Europako zati handi batean ere— Gabonetako ekitaldirik aipagarrienetakoa etxeko suan enbor handi bat erretzea zen. Enbor hura hainbat egunetan kontsumitzen zen, eta handik aurrera naturaz gaindiko ezaugarri magikoak hartzen zituen. Bere garrantzia gorabehera, gaur egun desagertutako tradizioa da eta oroitzapenik dagoenean, urrutikoa da edo oso mugatua.

Baina zer zen enbor hura? Zergatik desagertu zen?

Eguberri, gabon, gabonzuzi, gabon-subil, gabon-mukur, olentzero-enbor, onontzoro-mokor, subilaro-egur, suklaro-egur, sukubela, porrondoko… izenekin, euskal geografia osoan jaso zuen J. M. Barandiaranek basotik etxeraino enbor handi bat ekartzeko ohitura, etxeko sutean “sakrifikatua” izateko, agian eguzkiari eskainia, astroaren babesa eta oparotasuna etxeraino ekartzeko. Solstizio-gau hartan —Gabon gauean— sutan erreko zen, eta harrezkero magikoa bihurtuko zen, naturaz gaindiko ahalmenak bereganatuta.

Egin dezagun bidaia bat ohar haietatik ikusteko nola Tresponden Gabon gauean erretzen zen enborra, eta idi bikote baten laguntzaz sartzen zela sukaldera, Laudion jazo bezala.

Oletan enbor berria pizten zen, ondo gordetako aurreko mukurraren hondakinekin batera, trantsizioa egin ahal izateko.

Oiartzunen, Abadiñon edo Antzuolan Gabon gaueko afaria prestatzen zuten su berri horrekin. Eta Durangoko hiriguneko etxeetan, Gabon-mukurraren gainean prestatzen zuten afaria, enbor sakratu handiaren gainean.

Elduainen, enbor handiaren sua suspertzen zuten, Olentzero tximiniatik jaitsi ez zedin, igitai batez armatuta zetorrelako, etxean bizi zirenei bizia kentzeko asmoarekin.

Ezkirotzen, Oiartzunen edo Arakilen enborraren errautsen gainean pasarazten zituzten animaliak, urtean zehar istripuz hil ez zitezen. Agurainen, halaber, uste izaten zen enbor handiak ekaitzak uxatzeko gaitasuna zuela, eta sutan jartzen zuten ekaitza zetorren bakoitzean.

Gabon-mukurra. Iturria: Felix Mugurutza.

Errautsak ere talisman hutsa ziren ogigaztaien gaiztakerien aurka baliatzeko, errapeetako gaixotasunak ekiditeko edo hazitarako zezenen osasuna zaintzeko. Ongile izateko gaitasun handi horrekin, ez da harritzekoa errautsak soroetan barreiatzeko ohitura, Ibarrurin egiaztatu daitekeen moduan, landaretarako kaltegarriak diren animaliak akabatzeko.

Hain handia zenez Gabonetako enbor horretan zuten fedea, Eraso bezalako herrietan, hilotzak lurperatzen zituzten errauts sakratuen zati batekin.

Baina zergatik desagertu zen ohitura hori? Hipotesi bat plazaratuko dugu: baserriaren bilakaera arkitektonikoari zor zaio.

Jatorrian, eta orokortze eta lizentzia guztiak aintzat hartuta, baserri-etxe zaharrenek (XVI) sukaldea ukuiluan zuten, animaliengandik ohol batzuen bidez bereizita, eta leihatila txiki batzuk bitarte, noizean behin behi-azienda zelatatzeko.

Sukaldea sarreratik hurbil zegoen, eraikinaren aurreko albo batean. Sua gela haren erdian zegoen lauza baten gainean pizten zen, lurretik zentimetro gutxi batzuetara. Ziur aski orduan izan zuen hedapen handiena gure enborraren erritualak, harlauza haren gainean gurutzatuta egongo baitzen, eta hori desagertu egingo zen euskal baserriak aurrera egin ahala. Izan ere, XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, beheko suetako tximiniak orokortu ziren, hormari atxikitako kanpaia eta guzti, zorutik dezente gorago zeuden su-tokiekin eta, sarritan, eraikinaren goiko solairuetara lekualdatuta. “Beheko sua”… hain baserri-girokoa, hain tipikoa gure begien aurrean, baina, egia esan, garai hartako modernizazioa izan zen. Orduan, ezinezko bihurtuko zen hain enbor handia bertaraino garraiatzea. Eta ohitura galtzen joango zen apurka-apurka. Euskal kulturaren benetako bihotza eta arima ziren beheko solairuetako sukalde haiek zituzten baserrietan baino ez zuen iraungo.

Hau jakinda… Zergatik ez jarri enbor eder bat Eguberri gaueko ospakizunaren buru? Eguberri on.

 

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~