Munduko Arrozak (Arroces del mundo – Riz du monde – Rice from the world – Thieb yi ci adunabi – Korpitcha lumjake – أرز العالم – বিশ্বের চাল – 世界稻米) ekimenak bere buruari buruz ematen duen definizioaren arabera, “kulturen arteko jaia da; herrikoia eta parte-hartzailea”. Bilboko San Frantzisko auzoan egiten da, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako taldeak biltzen dituen koordinakundeak antolatuta, 2004az geroztik; ekainaren hasierako larunbat batean izaten da hitzordua, Ramadana data horretan egokitzen ez bada.
Urte hauetan zehar, Euskal Herriko eta Euskal Herriaz kanpoko hainbat tokitara hedatu da ekimena. Hala ere, jatorriz, San Frantzisko auzoan sortu zen ideia. “Reclaim, okupatu, participa” goiburu harturik, askotariko jarduerak antolatzen dira, hala nola haur-jolasak, musika-emanaldiak, kalejira aldarrikatzailea eta herri-bazkaria, arroza oinarri dela, betiere. Era honetako ekitaldietan ohikoa denez, auzoko plazarik adierazgarrienean jatera eta edatera elkartzen dira herritarrak; baina, kasu honetan, tartea eginez talde bakoitzaren aberastasun gastronomikoari eta egoteko moduari.
San Frantziskoko Munduko Arrozak taldea komunitate emaile oparoa eta askotarikoa da; festa baino zenbait hilabete lehenago ekin ohi dio antolaketa-lanari, eta edizio bakoitzean 250 bat lagunen artean banatzen dituzte ardurak. Festaren egunari dagokionez, berriz, 2022an tokia mugatu behar izan zutenetik, 3.000 lagunek parte hartzen dute; 2024an, 114 talde antolatu ziren, munduko txoko guztietako 70 lurralde desberdinetako jendea elkartuta.
Gainera, aipatzekoa da ekimena autofinantzatua dela eta auzolanari esker ateratzen dela aurrera. Hala, eduki sinboliko nabarmena eduki arren, mugatua du aurrekontua; baina, aurrekontua administrazioaren laguntzarik gabe estaltzen denez, haren jarraipena ez dago hirugarrenen mende. Hain zuzen ere, kostua estaltzeko izen-emate sinboliko bat egiten da, eta hainbat ekimen antolatzen dira, hala nola merchandisinga saltzea, zozketa, etab.
Munduko Arrozak auzokideen arteko harremanak estutzeko xedez sortu zen. Baina, denborak aurrera egin ahala, auzoaren nortasun-ikur bihurtuz joan da, eta, gaur egun, auzoko jai nagusia dela esan liteke. Hori guztia, auzoko elkarte-sareari eta hainbat hamarkadatan zehar sustatutako elkarlanari esker, jakina.
Ildo horretatik, ondarearen ikuspegitik, Munduko Arrozak ekimenaren berezitasuna da, bertako kulturaz gainera, lurraldean bizi diren gainerako kulturak balioan jartzen dituela, eta parte hartzeko aukera ematen duela, asimilazio kulturala saihestuz. Hala, orotariko komunitateak eta orotariko jatorrietakoak erakartzea lortzen du; eta hori, zoritxarrez, ez da oso ohikoa kultura-ondare immaterialaren adierazpen gehienetan. Elementu bereizgarri baina, aldi berean, komunen identitate- eta kohesio-diskurtsoaren bidez, komunitateak auzo batekin duen atxikimendua eta gaur egungo kultura-ohiturak elkarrekin bizitzeko proposamena da diskurtsoaren ardatz nagusia.
Munduko Arrozak ekimenaren alderdi bat nabarmentzekotan, hau bide da, beharbada, garrantzizkoena: plazan balio kultural guztiak aintzat hartzea eta espazio horren bidez eraikitzea nortasun eta autoestimu kolektiboa. Izan ere, azken batean, kultura-ondarearen garrantziaren funtsa ez al da gizarte-ongizatean betetzen duen funtzioa? Izan daiteke Munduko Arrozak ondarearen unibertsoan jarduteko modu baten eredu? Eta, azkenik, ezinbestean sortzen den galdera bat: zer plan dago kultura-ondare immateriala gure kale eta eskoletako aniztasun sozial eta demografikoari erantzuten eta hura irudikatzen hasteko?
Klara Larruzea — Labrit Ondarea