Etnografia atalak

0

San Nikolas, Muruzabaleko Gotzaitxoa. Iturria: Fernando Hualde.

Nafarroako Foru Erkidegoko hamar bat herritan Kultur Ondare Immaterialaren harribitxi bat gordetzea lortu dute. Beste eskualde batzuetan urritzen hasia da, eta Penintsulako erkidego gehienetan ez da existitu ere egiten. Hala ere, ez diogu behar adinako garrantzirik ematen, hain zuzen ere, ohituta gaudelako hura gure artean ikustera. Jakina, urria denez, gero eta balio handiagoa du harribitxi horrek.

Abenduaren 6an, San Nikolas egunean, antzina Nafarroan oso zabalduta zegoen haur festari buruz ari gara. Gaur egun bizirik dirau, bizi-bizi batzuetan eta makal beste batzuetan, besteak beste, Burgin, Barasoainen, Eneritzen, Garinoainen, Lesakan, Monrealen, Murillo el Fruton, Muruzabalen… eta askoz toki gehiagotan ez. Fabaren Erregearen festan gertatzen den bezala, non haurrak heldu bihurtzen baitira edo mozorrotzen baitira, haur bat gotzainez janzten da, San Nikolasen omenezko festa batean. Haur segizio handi bat etxez etxe joaten da, abesten eta diru-bilketa bat eginez, ondoren askari on bat egiteko.

Nafarroako Muruzabal herrian jardungo dugu oraingoan, Izarbeibarren. Han, gaur egun oraindik ere eusten zaio tradizio horri, eta azken urteotan suspertzen ari da, gainera; ea lerro hauek balio duten ahalegin horretan laguntzeko eta hura suspertzeko. Nafarroako beste herri batzuetan ez bezala, Muruzabalen San Nikolas jaia lau alditan deskribatu dute, zehatz-mehatz, lau etnologok: 1977, 1998, 2015 eta 2018an. Horri esker, deskribapen baten eta bestearen arteko konparazioari esker, festa etengabe bilakatzen ari dela ikusten dugu, garai berrietara egokitu nahian. Festa bizia da, baina, batzuetan, bultzada bat behar du, duela urte batzuk hartutako gainbehera bide horretatik ateratzeko. Zenbaitzuen gogo biziari esker, apurka-apurka irteten ari da hondamenditik.

San Nikolas, Muruzabaleko Gotzaitxoa. Iturria: Fernando Hualde.

Gotzainarena egiten duenak tunika zuria janzten du (zingulu gerrikorik gabe), atzealde gorriaren gainean estanpatutako kapa bat (behean, barren guztia litsez apaindua eta lepoan kapelina beltz txiki batez errematatua), eta buruan urrezko zerrendez apaindutako mitra gorria. Bi sexuetako mezalagunek laguntzen diote, eta herriko etxe guztietan egiten dute geldialdia, belaunaldiz belaunaldi jasotako hitzak kantatuz. Muruzabalen honela dio abestiak:

San Nicolás coronado,
Arzobispo muy honrado,
si no nos dan, no nos den,
aquí no nos detendrán,
porque somos escolanos,
del santo San Nicolás.

Bendita el agua traemos
y venimos a rezar,
y al mismo tiempo pedimos,
lo que ustedes quieran dar,
y si de agrado nos dan,
el Santo bendecirá.

Aleluya, aleluya,
celebremos todo el día,
y en honra a San Nicolás
la meriendica caerá.

Kantua amaitzean, dagokion oboloa jasotzen dute, eta eskertzeko, bedeinkapena ematen diete. Betania Egoitzan amaitzen da ibilbidea, eta han bizi diren adineko pertsonak haurtzarora eramaten dituzte tartetxo batez, garai batean ezagututakoaren oroitzapenen bitartez. Abenduaren 6an San Nikolasen oroitzapenak bizirik dirauela egiaztatzen da horrela. Eta horrela jarrai dezala.

 

Fernando Hualde – Etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~