Etnografia atalak

0

Sardinerak Karmengo Ama Birjinaren prosezioan (16/07/1996). Egilea: E. X. Dueñas.

Burura datozen iraganeko flashak bezala, ederto gogoratzen dut ikasten joaten nintzenean, “sardinera bat” bizi zen eraikinaren aurretik pasatzean, berak, leihotik begira, nire aititaren (amaren aita) antza nuela oihuka esaten zidala; biboteagatik baino gehiago, altueragatik.

Rosario Santín zen, la bella Charo edo la gitana esaten ziotena. Santurtziko azkenengoetako sardinera zen, ahozko iturri batzuen arabera (segurutik ez oso sinesgarriak), Joaquin Lucarini artistak, lanbide horren omenez egindako eskulturarako eredu edo musa izan zena ―Aurora Perezekin lehian―. Eskultura hori 1964ko irailaren 8an inauguratu zen Sardinera Pasealekuan.

Herriko sardineren omenezko monumentua (Santurtzi).                Egilea: E. X. Dueñas.

Sardinerak (arrantzaleari esateko sardinero hitza ere irakurri dut) eta/edo arrain-saltzaileak ez zeuden Santurtzin bakarrik. Kontzeju horretatik hurbil dauden portuetan, hala nola Algortan (Getxon), Zierbenan edo Portugaleten; eta urrutiago daudenetan, Santanderren, Bermeon, Donostian edo Donibane Lohitzunen besteak beste, ere izan dira sardinerak.

Baina, ba al dakigu zein den lanbide honen jatorria? Aurkitu ditugun daturik zaharrenak eta fidagarrienak Argos (S. Goicoechea) eta E. Arriagaren testuetakoak dira, biak XIX. mende amaierakoak eta XX.aren hasierakoak. Egile ezagun horiek orduko Santurtziko emakume porrokatu batzuen berri ematen digute. Euren esanetan, enkantean ateratako arrantza erosi ondoren, Bilbora joaten ziren, oinutsik sarritan. Buruan, sakonera txikiko otzara luzangetan arrain urdin gozoa dozenaka eramaten zuten, euren jeneroa oihuka eskainiz: Sardiña freskue! Ohikoak ziren prezioari buruzko tirabirak erosleekin.

Areetatik (Getxo) Bilborako animaliek tiratutako tranbia (1876), eta, ondoren, Portugaletetik hiriburura zihoan trena (1888) martxan jarri zirenean, apurka-apurka, ibilbidea oinez egiteari utzi zioten. Hori bai, oroitzapen kolektiboan ondo gordeta geratu ziren XX. mendearen erdialdera “Desde Santurce a Bilbao” abestiari bide eman zioten koplak.

Sardinerak La Canilla geltokiaren ondoan (Portugalete). 1908 aurretik. E. X. Dueñasen artxiboa.

Denborak aurrera egin eta ingurunea aldatu ahala, sardinerek beste behar batzuekin tartekatu zuten euren zeregina; besteak beste, saregile lanak edo portu frankoko zamalanak egin zituzten. Horrez ganera, saski zabalaren ordez (gamella izenekoa lekukotasun batzuen arabera) baldea edo gurdia erabiltzen hasi ziren. Bizkaiko hiriburuan lehiaketak ere antolatu ziren, ondoen aldarrikatzen zuena saritzeko. Azkenik, lurrez eta itsasoz, uztailaren 16an Santurtzin egiten den Karmengo Amaren prozesioan parte hartzen hasi ziren.

Lanbidea desagerturik, kantua eta sardina-saltzaile haien ondorengoak geratzen zaizkigu, eurek utzitako ondarea harro defendatzen. Gainera, kofradiaren behealdean dagoen Itsasoko Interpretazio zentroan (Santurtzi Itsasoa Museoa), erakusten diren tramankulu eta testigantza batzuen bidez, arrantzarekin lotutako lanbide hau eta beste batzuk ikus daitezke. Gaur egun, lanok iraganeko ondare dira; oroimenerako bizi eredu.

 

 

Emilio Xabier Dueñas

Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~