Etnografia atalak

0

Ogigaztaia. Iturria: Felix Mugurutza.

Baserri inguruneko herri-kulturan, ogigaztaia animalia bereziki zuhur eta arriskutsutzat jo izan da beti. Hain da azkarra, ezen, gainerako piztiek ez bezala, gizakion asmoak igartzeko eta horiei aurre hartzeko gai baita.

Hori jazotzen denean, ogigaztaiak antzeman duenean gizakiek aztoratu nahi dutela, ondorio larriekin hartzen du haiekiko mendekua. Antza, naturaz gaindikoak eta magikoak diren nolakotasunak dituelako animalia horrek.

Beraz, ogigaztaiarekiko tratua beldurrean eta errespetuan oinarritua dago. Zelanbait esatearren, gaitza kontzepzio orokor gisa sinbolizatzen zuen animalia zen.

Beldurraren beldurrez, ez zen haren izena erabili ere egiten, ez deitzeko. Izan ere, piztia kaltegarrienekin jasotzen den bezala, ez du izendapen espezifikorik. Bere ordez, eufemismoak erabiltzen dira. Euskaraz, esaterako, “erbinude” esaten zaio (‘erbien inude’); eta gaztelaniaz, antzeko esanahia duen “comadreja” (hau da, “inude txiki”).

Halaber, eta agian lepo aldeko kolore marroiari eta sabel aldeko zuriari erreferentzia eginda, “ogigaztaia” ere esaten zaio euskaraz (‘ogia eta gaztaia’); eta, gaztelaniaz, “paniquesa” edo “paniquesilla” (‘pan y queso’).

Euskarazko beste izendapen bat, Ipar Euskal Herrian erabilia, “anderederra” (‘andere ederra’) da, eta, zalantzarik gabe, animaliarekiko erreberentziazko tratua uzten du agerian, animaliaren zigor sumindua saihesteko.

Horretaz hurbilen zaizkidan erreferentziak Laudiokoak dira, eta gurasoei zor dizkiet. Euren kontakizunen arabera, zeharo artega geratzen ziren Laudioko baserritarrak piztia hau inguruetan zela ikustean. Uste zenez, isil-isilik eta sano erraz sartzen zen kortetan eta egundoko zorigaiztoak eragiten zituen han. Baina, arestian esan bezala, hain piztia azkarra eta zuhurra izanda, ez zitzaion eraso egin behar, gogaitu ez zedin; asaldatzen bazen, mendeku latza hartuko zuelako gero, kortako animaliarik bikainena hiltzen edo haren errapeak urratzen.

Ogigaztaiak uxatzeko, haiek ez gogaitzeko moduan ibili beharra zegoen. Normalean, gomak —abarkak edo bestelako oinetako zaharrak— erretzen ziren horretarako; esaten zutenez, oso higuingarria gertatzen zitzaiolako usaina; eta, beraz, beste lekuren batera egiten zuelako alde, gizakion asmoa igarri barik. Oso uste orokorra da hau, inolaz ere Laudiora mugatua.

Horrela jokatuz gero, ez zen haren mendeku gupidabakoaren beldurrik eduki behar. Gure herriko baserri-inguruetan ondo gogoan dute zaharrek.

Duela gutxi hil zaidan aitak kontatzen zidan nola, Markuartu bere auzoan, gogoan zutela euren baserriaren ondoko etxe batean, ogigaztaiak auzokoen asmoekin mendeku hartu zuela behin, handik uxatzeko harriak botata gogaitu zutela eta: «Iturritik edateko ekarri zuten balde bateko ur guztia pozoitu zuen. Hori askotan kontatzen zigun amak. Horregatik uxatu behar izaten zen gomak eta gauza zaharrak erreta, ez hari oldartuta» (jatorrizkoa gaztelaniaz).

Azkenik, udalerri horretatik irten gabe, C. Juan Egia Oruek Barandiarani Laudiori buruz 1935ean emandako informazioa ekarriko dugu gurera. Honela zioen [jatorrizkoa gaztelaniaz]: «Sinesmen orokorraren arabera, ogigaztaiek sugeek baino pozoi gehiago [daukate]».

Alajainkoa: animalia horrekin jokaldi makurretan ibiltzeko moduan!

 

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~