Etnografia atalak

0

ZAWP proiektuko La Terminal espazioa. Iturria: ZAWP-Haceria Arteak.

Ondare industriala, garai industrialetik jasotako ondasun higikor, higiezin eta immaterialen multzoa da. Aditu batzuen iritziz, ondare arkeologikoaren barne ere sailkatu daiteke, kategoria horrekin ezaugarriak partekatzen dituelako: beste garai bateko isla da, interes historikoa dauka eta ez dago “bizirik”. Ondasun mota ugari barnebiltzen duen arren, hurrengo idatzi hau elementu higiezinetan zentratuko da, konkretuki Bizkaiako lantegi eta fabriken berrerabilpenean.

Industria-iraultzak, historian garai bat markatzeaz gain, aldaketa sakonak ekarri zituen esparru anitzetan: paisaia urbanoen eta landatarren birdefinizioa, langile klasearen sorrera, migrazio fluxuaren gorakada… Horren ondorioz, ondasun horiek industrializazioak gure gizartean eragindako eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalaren lekukoak dira.

Historiak aurrera egin eta XXI. mendera hurbildu ahala, desindustrializazioaren ondorioz, eraikin asko abandonatuta geratu ziren, hondamendiaren eta galeraren arriskuan. Zorionez, ondare mota horren izaera sinboliko eta kulturalak zaintzaren eta balorazioaren interesa piztu zuen. Babeserako benetako inflexio-puntua 2002ko Industria Ondarearen Plan Nazionala izan zen. Plan hori ondasun horiek katalogatu, kontserbatu, babestu eta ezagutza sustatzeko helburuarekin aurkeztu zen, hainbat autonomia-erkidegoren ekimen eta elkarlanari esker. Horrez gain, egoera horri aurre egiteko, I.O.H.L.E.E. (Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea) bezalako erakundeak ere sortu ziren, ondare hori ikusarazteko eta defendatzeko.

Erronka handia den arren, eraikin horiei bizitza berri bat emateko aukerak aurkitu dira eta berpizteko bi bide nagusi jarraitu dute. Alde batetik, lantegia bera museo bihurtzea, garai bateko jarduera nolakoa zen erakusteko; eta bestetik, erabilera anitzeko guneetan egokitzea, kultura eta sormena ardatz hartuta.

Lehenengo kasuaren adibide garbia da Muskizko El Pobal Burdinola. XVI. mende hasierako lantegi hidrauliko bat da, burdin harria lantzea eta lanabesak zein tresnak egitea izan da jarduera nagusia. 1960ko hamarkadan itxi zen, baina 2004. urtean ateak zabaldu zituenetik, museo bizia da. Bertan, garai hartako ekintza industrial garrantzitsu bi erakusten dira: burdingintza eta errotaren lana.

El Pobal Burdinolan burdigintza erakusten. Iturria: Labayru Fundazioa Argazki Artxiboa.

Balmasedako La Encartada Fabrikak ere iraganean izandako funtzioa erakusketa gisa aurkezten du. Lantegia 1892an sortu zen eta 100 urtez jarraitu zuen zabalik, bertan artilea landu eta hainbat artikulu egiten ziren, besteak beste, txapelak. Jatorrizko makineria kontserbatzen du eta euskal burdingintzaren antzinako teknikak eta instalazioak erakusten ditu.

Bigarren erabilera motari dagokionez, balio kultural anitzeko espazioak, hainbat adibide ditugu Bizkaian. Gernikan esaterako Astra dago, arma-fabrika izandakoa eta gaur egun herrian sorkuntza eta kultura sozialaren zentro erreferentea dena. Gernikar asko bertara hurbiltzen dira komunitate moduan kontzertu, tailer eta bestelako ekintzez gozatzeko.

Beste adibide bat Bilbon, erdigunean, dagoen Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao da. Eraikin eder hau hiribilduan zegoen antzinako alondegia da, bertan 1905etik 1970era arte ardoa, olioa eta ozpinduak biltegiratzen ziren. 2010ean berriro ireki zuten, kultura eta aisialdirako espazio gisa; kiroldegia, erakusketak, zinema eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Gaur egun, Bilboko aisialdi zentro garrantzitsuenetariko bat da.

Zorrozaurren, adibidez, ZAWP (Zorrotzaurre Art Work in Progress) proposamena daukagu, sormen-fabrika eta kultur mugimendua da. Ekimen hau 2008tik martxan dago, Haceria Arteak Elkartearen eskutik, eta horren helburua da, proiektu kulturalen bidez, Erriberako industria-paisaiaren berrinterpretazio prozesuan parte hartzea. Bilboko irlatxo horretan aktibitate industrial handia egon da, batez ere portuko lanekin lotuta; beraz, lantegi horrek aprobetxatuz, arte-erakusketa, musika-kontzertu, antzezlan eta coworking guneak eskaintzen ditu, ideia eta proiektu desberdinen garapenerako.

Industria ondareak balio kultural eta etnografiko handia du eta lurraldea zein gizartea definitzen dituzten paisaiak sortu ditu. Ondasun horiek zaintzea oraindik ere erronka izan arren, badira kontserbatzeko bide jasangarri eta errealak; ekimen horiek, gainera, parte-hartze kulturala bultzatzeko aukera paregabea dira.

 

Nerea Etxebarria – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~