Etnografia atalak

0

Enpakadorak Ondarroako lonjan, 2022-06-19. Egilea: Gabo Punzo. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Bizimoduko beste arlo batzuetan gertatzen den bezalaxe, itsasoko munduan ere gizonezkoen eta andrazkoen zereginak eta lanak ondo bereiztuta egon izan dira, eta daude gaur egun ere. Andrazkoen papera kostaldean, emazte eta ama izatea baino askoz ere garrantzitsuagoa eta zabalagoa izan da. Itsasoko emakumeen zeregina gizonezkoen lanaren osagarri izan bada ere, ezinbestekoa izan da arrantza jardueran. Izan ere, gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea izan da; baina behin portura helduta, lan gehienak emakumezkoek egin izan dituzte, eta euren erantzukizuna izan da arraina deskargatzea, garraiatzea eta salmentarako prestatzea; sareak konpontzea, arraina saltzea, etab.

Itsasoko emakumeen artean beharbada ezezagunenak enpakadorak dira; hau da, arrasteko txalupek eta pintxeruek (amuekin dabiltzanek) ekarritako arraina sailkatzen duten emakumeak. Beste era batera esanda, alturako itsasontzietako neskatilak. Enpakadoreak Ondarroako portuan baino ez dabiltza lanean, beste herri batzuetan ia arrasteko arrantzarik ez dagoelako.

Beste garai batean, 1980ko hamarkadan, Ondarroan arrasteko 140 txalupa inguru zeuden, eta bakoitzak 10-12 emakumeko lantaldea zuen deskargak egiteko. Gaur egun, ostera, gutxi batzuk baino ez dira geratzen.

Arraina lehorreratu eta lonjara ekarri eta ostean hasten da enpakadoreen lana. Hauxe da euren zeregina: lehenengo kaxei plastikoa eta izotza kendu, eta arraina sailkatu, manipula edo aparta, pisuaren eta tamainaren arabera. Gero etiketak ipini, berriro izotza bota eta plastikoarekin estali. Emakumeon lana arraina salmentarako prestatzea da.

Arrantzaleek, itsasoan dauden bitartean, egiten dute sailkapen moduko bat, behin-behinekoa, baina hala ere, arrain asko nahastean dator, eta horiek banan-banan pisatu eta ordenatu egin behar dira. Esperientziadun andre batek, hainbeste urteren ostean, begiz eta pultsura igartzen du arrainaren pisua; ia-ia baskula erabili barik.

Bisita gidatua Ondarroako lonjan, 2022-06-22. Egilea: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Arrasteko arrantzan batez ere arrain zuria atrapatzen da: legatza, zapoa, oilarra, fanekak, lotxak, zintak, txibiak, lenguadoak, lupinak, urraburuak… Horiek guzti horiek pazientzia handiz banan-banan aparta behar izaten dira, kaxan lurrean ipinita, bakoitza bere leku egokian jarrita.

Gaur egun txalupa gehienak domekaz heltzen dira eta enpakadoreak arratsaldeko lehenengo orduan hasi, eta goizaldeko orduetara arte egoten dira lanean, deskargatu den arrain kopuruaren arabera; beraz, inoiz ez dakite zenbat orduko jardunaldia izango den. Lana gauez egin izan dute beti; eta lehen, ia egunero zeukaten beharra. Gau berean hiru-lau txalupa deskargatzen zituzten.

Emakume hauen lana oso gogorra da, baldintzak eskasak direlako: gaua, ordutegi eskasak, hotza, hezetasuna, ordu asko, pisu handiak eskuartean, luzaro makurtuta egon behar… Horien artean hezetasuna da euren areriorik handiena, horregatik lehenago arropa piloa ipintzen zuten hotzik ez pasatzeko; eta oinetakoak katiuska tipokoak izaten ziren (gomazko txankluk) eta bi-hiru pare galtzerdi jartzen zituzten. Orain, ostera, arropa, oinetako eta eskularru egokiak dituzte, eta aproposko mantalak, hezetasunetik babesteko. Bakoitzak bereak ordaindu behar ditu.

Enpakadoreek ez daukate soldata finkorik. Lansaria deskargen araberakoa izaten da, eta deskargako kobratzen dute; berdin da lanean lau, bost edo sei ordu egin. Deskargako 55-60 € inguru. Orain baldintzak hobeak izan arren, lana oso murriztuta dago, eta astean baten lonjara etorrita, ezinezkoa da bizimodua aurrera ateratzea.

Gaur egun enpakadoreek bisita gidatuak egiten dituzte Ondarroan itsasoko emakumeen lanen transmisioan aurrera egiteko, eta euren lanbidearen nondik norakoak eta bizibide horrek izan duen bilakaera azaltzeko. Oso aukera ona da egun pasa atsegina egin eta itsasoko emakumeak hobeto ezagutzeko.

 

Akaitze Kamiruaga

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~