Etnografia atalak

0

Tuberkulosia sendatzeko Arrabako ospitala, Gorbeian. Iturria: Jon Urutxurtu.

Gezurra badirudi ere, Gorbeian, Arrabako landan, 1060 metroko altitudean, tuberkulosia sendatzeko ospitalea zegoen XX. mendearen hasieran. Eta horren ardatz nagusia José de Madinabeitia mediku oñatiarra izan zen.

XIX. mendearen amaierarantz tuberkulosiari buruz antolatutako nazioarteko biltzarretan zabaldu ziren pentsaera berrien ondorioa da Gorbeian sendategia jartzeko ideia: 800 metrotik gorako altitudean, aire garbia eta hautsik gabekoa, giro sikua, presio atmosferiko baxua eta eguzki argia ziren tokietan tuberkulosia osatzeko sendategiak eraikitzea gomendatzen zen Berlinen eta Napolesen egindako adituen batzarretan.

Kontuak kontu, Ganekogortan, Oizen, Solluben eta Urkiolan toki egokirik aurkitu ez, eta ospitalearen proiektua aurrera eramateko Gorbeian jarri zituen begiak Madinabeitia doktoreak. Lehenengo behin-behineko esperientzia 1899ko udan burutu zuen; urte hartan hamabi pertsona artatu zituen, uda oso ona izan zen eta gaixoen osasunak hoberantz egin omen zuen.

1900ean esperientzia errepikatu egin zuen eta hogeiren bat gaixo zaindu zituen; Areatzatik abiatuz, idiek tiratutako gurdietan igo zituen gaixoak eta bi eta lau pertsona hartzeko egurrezko txabolak eraiki zituen. Uda gogorragoa izan arren, gela eta janari egokiari esker, tuberkulosoen egoerak hobera egin zuen eta Gorbeia, Alpeetan zeuden moduko ospitale bat jartzeko leku aproposa zela pentsatu zuen Madinabeitiak.

1900etik 1901era doan neguan, Zeanuriko eta Orozkoko Udalek Arraban, 80 hektareako landa arloa uztea lortzen du doktore oinatiarrak. Udal biek lurra uzteagatik eskatzen dioten gauza bakarra zera da: herri bakoitzeko bi gaixo pobre dohainik zaintzea.

Sanatorios del Gorbea S.A.

Baina bere proiektua martxan jartzeko babes ekonomikoa behar zen eta 1901aren hasieran Sanatorios del Gorbea, Sociedad Anónima elkartea sortzen dute, 500.000 pezetako kapitalaz. Kideen artean honako hauek agertzen dira: Tomás José de Epalza, Victoriano Zabalainchueta, Ramón de la Sota, Rafael Picavea, eta Areatzako botikaria zen Marcos Iruarrizaga.

1901, 1902 eta 1903 urteetan obrak egiteaz batera, uda partean gaixoak hartzen dituzte ospitalean: 1901ean hogeita hamahiru; 1902an hamazazpi, eta 1903an hogeita hamahiru.

1903ko Gaceta Médica del Norte aldizkarian, honako iragarki hau agertzen zen:

Ospitalaren iragarkia Gaceta Médica del Norte aldizkarian. Iturria: Jon Urutxurtu.

Badirudi 1903koa izan zela ospitaleak ateak zabalik izan zituen azken urtea, arazo ekonomikoek bere amaiera ekarri baitzuten. 1904. urtean berriro irekiko ote zen zalantza dago, baina argi dirudi 1905eko udan itxita egongo zela, urte hartako azaroan Gorbeiako ospitalea “saiakera ona” izan zela esaten baita.

Gaur egun sendategiaren aztarnak bakarrik azaltzen dira Arrabako landan: instalazioen adreilu eta harri aztarnak, Ganguren Mendi Taldearen txabolaren ondoan daudenak, eta Elorria iturritik datorren ubidearen arrastoa; ez da ahaztu behar Pagomakurretik Arrabara doan bidea ere —gaur egun Gorbeiara igotzeko erabiliena— ospitalearen zerbitzurako egin zela.

 

Jon Urutxurtu

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~