Aspalditik, 1936ko gerra zibila baino aurretik ziurrenik, Zornotzan, Ostiral Santuan, goizeko 7:00etan, Gurutzbidea egiten da. Gurutzbideak Jesusek Kalbario mendira bidean, gurutzea soinean zuela, bizitako pasioa oroitzen du, hamalau egotalditan banatuta. Herriko Santa Maria parrokiatik abiatuz, Sabino Arana kaleko 19. zenbakian hasten da. Ibilbideak herriko kaleetan zehar jarraitzen du; zubia gurutzatu eta Sabino Arana kalea eta errepide nagusia zeharkatzen ditu. Ondoren, bidearen amaierara heltzen da: Kalbario plaza. Guztira 420 metro dira.
Arkitekturaren ikuspegitik, bat izan ezik, gurutze guztiak egoera onean daude. IX. egotaldiko gurutzea eraitsi egin zen kalea oinezkoentzat jartzeko, baina plaka bat jarri zen lurrean, gurutzea non zegoen adierazteko.
Kalbarioak gurutze garrantzitsu bat du, guztien artean handiena, Pasioari buruzko elementuekin (eskailera, iltzeak, oilarra, zutabea, kurrikak…) egindako dekorazioa duelako. Gurutzearen inskripzioak adierazten digu “Maria Benita de Zelayeta andrearen kontura egin zela” eta 1733ko data duela.
Gurutzbide honen ezaugarrietako bat da antolaketan ez duela apaizik parte hartzen, bertako laikoak arduratzen dira horretaz.
Beste ezaugarri bat da Gurutzbidea euskara hutsean egiten dela. Egotaldi bakoitzean bertso desberdin bat kantatzen da, eta segidan geraldi guztietan errepikatzen den leloa abesten da, egotaldiari dagokion irakurketa egin aurretik. Egotaldi batetik besterako bidean Gure Aita errezatzen da.
Egotaldi bakoitzeko bertsoa abestu ondoren errepikatzen den leloa honako hau da:
“Jesus ona ni naz eta
zure miñen ontzia
bihotzetik maitatzeko
emon eidazu grazia”.
Jesus lurrera erortzen den egotaldietan, (hirugarren, zazpigarren eta bederatzigarrenean) jendeak lurra eskuarekin ukitu eta ondoren aitaren egiten du.
Lehen gurutzearekin batera kandela bi eramaten zituzten. Ardura hori, baita testuak irakurtzearena ere Zornotzako familia jakin batzuena da: Etxebarria Etxeita eta Idigoras Martija. Gaur egun, gurutzea bakarrik eroaten da eta bere ondoan testuak irakurtzen dituen pertsona joaten da.
Irakurketei dagokienez, bilakaera bat izan da. 1980ko hamarkadaren amaierara arte, euskara garbizale samarrean irakurtzen ziren testuak, 1930 inguruan idatzita baitzeuden. Gaur egun testuak moldatu egin dira eta bizkaiera estandarrean idatzitako Gurutzbidea irakurtzen da.
Bilakaera horrek ere eragina izan du leloan, gaztelaniari lotutako herri-adierazpen batzuk alde batera utzi baititu. Izan ere, “Jesus ona ni naz eta zure penen kausia” abestetik “zure miñen ontzia” abestera igaro da, eta “bihotzetik ametako” izatetik “bihotzetik maitatzeko” izatera.
Bederatzigarren egotalditik hamargarrenera doan ibilbidean, Kalbario plazan multzokatzen diren gurutzeetan, “Erdu pekatariak” eta “Damu dot Jauna” garizumako abesti herrikoiak abesten dira.
Gurutzbidetik bueltan, Kalbariotik elizara Agurtza Donea errezatzen da, eta elizan bertan irakurketez arduratzen den laikoak otoitza amaitzen du.
Amorebieta Etxanoko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren idazketan, Gurutzbidearen antolatzaileek alegazio bat aurkeztu zuten, Kalbarioak zuen 3. mailako oinarrizko udal-babesa Gurutzbideko ibilbide osora zabaltzeko. Alegazio hori 2024ko uztailaren 29ko osoko bilkuran onartu zen, eta, beraz, gaur egun, Santa Maria elizaren bidetik kalbariorako bidean dauden kalbarioak eta harrizko gurutzeek 3. mailako oinarrizko udal-babesa dute.
Mikel Etxebarria Etxeita