Pagasarri toponimoaren sorburua euskarazko “pago” eta “sarri” hitzak dira, hau da, “pago asko dagoen lekua”. Toponimo zahar-zaharra da, Diego López Haroko jaunak 1300. urtean emandako Bilboko Hiri Fundazioaren Gutunean agertzen baita, Fagasarri aldaeraz idatzita.
Pagasarri mendiak 673 metroko altuera du, Pagasarri-Ganekogorta mendigunean dago, eta Bilboko biriketako bat eta mendirik enblematikoena da. Mendi honek lotura estu-estua du hiribilduaren historia ekonomiko eta sozialarekin; bere baliabide naturalak sakon ustiatu dira aspalditik, gainera, gerrek bete-betean jo zuten eta oso eskualde industrializatu eta urbanizatu batean dago; baina, hala ere, udalerrian balio natural handiena duen hiri-inguruko espazioa da.
Lanegunetan baino gehiago, asteburuetan abiatzen dira mendizaleak bertako bidezidorretatik ibiltzera, zelai eta basoen artean sartu, eta bertako naturaz eta ikuspegi paregabeez gozatzera. Hala ere, egun jakin batzuetan jende asko animatzen da mendira igotzera. 1991tik 2021era, BBK Fundazioak abenduro antolatzen zuen Pagasarriko Martxa, dagoeneko desagertua, izan da ekitaldirik jendetsuena. Gaur egun, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean gerturatzen da jende gehien, mendi baten gailurretik urtea agurtzeko edo hasteko gero eta indartsuagoa den tradizioagatik.
Mendi guztietan bezala, hainbat ibilbidetatik iritsi daiteke gailurrera; baina, horien guztien artean, “Pagasarriko bidea” nabarmentzen da, Bilboko kale-izendegian ofizialki izen hori duen tokitik doana. Ibilbide hori mendiaren iparraldeko hegaletik doa, eta balio etnografiko eta kultural berezia duten hiru elementu ditu.
• SAN ROKE ERMITA, Abandoko Udal Gobernuaren aginduz eraikia 1575ean. Garai hartan, kolera-izurrite larri bat zegoen Bizkaian. Abandoko Udalak, asaldatuta, boto solemnea eman zuen Pagasarrin ermita bat eraikitzeko San Roke zaindariari, gaixoen, txakurren eta erromesen zaindaria baitzen; eta hitz eman zuen urtero leku horretara joateko prozesioan, epidemia amaitzen bazen. Kroniken arabera, santua arduraz aritu zen, eta gaitza azkar murriztu zen, desagertu arte. Harrezkero, abuztuaren 16an, San Roke egunean, erromeria tradizionala egiten da leku horretan, eta meza izaten da ardatz nagusia.
• Pagasarriko ELUR-ZULOAK. Elur-zuloa eraikin gogorra da, eta elurra izotz bihurtzeko eta kontserbatzeko erabiltzen da. Pagasarriri dagokionez, dokumentuen arabera, elur-zulo bat zegoen Bilbori zerbitzu emateko, Igartu inguruan, San Roke ermitatik gertu. 1618rako martxan zegoen, eta, pixkanaka, eraikin osagarriak gehitu zituzten. Desagertu egin zen (oraindik hondar batzuk geratzen badira ere), baina gaur egun beste bi daude zutik. “Pagasarri I” elur-zuloa da zaharrena; 1648an eraiki zen, “Hiribilduan gero eta gehiago kontsumitzen zen eskaerari erantzuteko”, Teófilo Guiardek dioenez.
• TARINGO ITURRIA. 1913ko urriaren 28an, Euzkadi egunkarian, honako kronika hau argitaratu zen: “Joan den igandean, aurrez abisatu gabe eta Pagasarriko gailurrerako bidean doazen txangozale guztiak jakinaren gainean egon gabe, mendiaren lagun diren talde ugari bildu ziren iturburu joriaren inguruan. Bat-batean ahots bat entzun zen, eta esan zuen: “Iturburu honetan egarria baretzen dugunon artean, gastuak ordaindu behar ditugu iturri bat eraikitzeko; ireki dezagun harpidetza bat horretarako, eta bakoitzak egin dezala erreal baten ekarpena”. Etorkizuneko iturri horri “Tarin” izenarekin bataiatzea proposatu zuten, orduko errealaren herri-izenaren (pezetaren 25 zentimo) omenez, eta erabaki zen akziodun bakoitzak ekarpena jartzea hura eraikitzen laguntzeko. Kanpainak harrera ona izan zuen, eta azkar sinatu ziren “tarineroen” mila tituluak, benetako tarin baten zozketaren pizgarriarekin —zeina zilarrezko uztai batean sartuta egongo zen—, eta, era berean, Lux etxeak lagatako argazki-makina baten zozketarekin.
Zuriñe Goitia — Antropologoa