Garizuma eta haren bukaera, Aste Santua –zorrotzak eta solemneak, zentzu katolikoari dagokionez, eta denbora luzean iraun duten ospakizun-aldiak–, gizartean gertatzen diren aldaketen erakusgarri garbiak dira. Une historiko bakoitzera egokitzeko prozesua etengabea izan da horietan, baina, hala eta guztiz ere, harrigarria da, betiere, jatorri geografikoaren arabera zenbat modu dagoen hura ospatzeko.
Kartsutasuna eta pasioa, biak ala biak agertzen dira ospakizun askotan. Gure lurraldean ere ikusten dira, egutegiko data horietan, pasio bizidunak, prozesioak eta askotariko ekitaldiak: Bilbotik Hondarribira, Tuteratik Balmasedara.
Baina artikulu labur honetan ez gara arituko ustez ondo ezagutzen dugunaz, ohikoarengandik aldentzen denaz baizik, eta pertsonaia bitxi bezain bizigabe batekin ekingo diogu: “Mingorri” (mingain gorria). Lekeitioko Ostiral Santuko prozesioaren urratsetako batean “Herio”-ren laguntzailea da Mingorri. Dragoi gisa sailkatzen dute, baina ipuin batetik ihes egindako animalia dirudi gehiago. Haren mihi gorri luzea, zeinaren tamaina 1936ko Gerra Zibilaren ondoren aldatu zen, haurren isekagai bihurtu da. Horrez gainera, haur horiek berek organo adierazgarri eta deigarri horretan uzten dituzte Andre Mariaren basilikatik gertu dagoen gozotegi batean erosi eta miazkatutako gomazkoak edo gozokiak. Bertan ikusten den irudia karikaturaren, itsaskorraren eta ia nazkagarriaren nahasketa bat da.
Egurrezko irudi batetik, San Migel goiaingeruaren itxurako pertsonaia batera. Seguran eta Azkoitian, Ostiral Santuko arratsaldeko prozesioan, kasaka, ezkutua eta ezpata daraman mutil edo heldu batek desfilatzen du. Berezitasuna, nolabait esateagatik, ez da janzkera –zeina, oihartzun handiagoz edo txikiagoaz, Oñatiko Corpus Christiko prozesioan pertsonaia berak ere badaraman–, baizik eta irudikapena bera: urrats militar eta konpasatuarekin, koreografia militar moduko bat egiten dute, zenbait minutuan behin. Segurako “San Migel” hainbat aingerutxorekin batera egoten da: ezpata desafiatzailearen eta haurren begirada “aingeruzkoaren” arteko irudi kontraesankorra.
Azkenik, eta prozesioak eta Jesusen eta Pazko Igandeko Mariaren arteko topaketak alde batera utzita, egun horretan, traidorea izateagatik hainbat mendez laidotua izan den elementu bat agertzen da: Judas.
“Judas hiltzea” Iberiar penintsula osoan dago zabalduta. Batzuetan, “Judas” kalera atera eta zigortu egiten dute, eta, jarraian, harrika egin, tiroz hil edo erre . Euskal Herrian, Arabako herri batzuetan (Añanan eta Moredan, esaterako) eta Nafarroan (Los Arcosen, Murietan, Vianan, etab.) erre egiten dute. Bitxia da, zergatik ez esan, “Judas” eta “Judesa”, bikotea, nola iraultzen dituzten airean eta errauts bihurtzen dituzten sugarrek. Agian genero-parekotasuna duela hainbat mende iritsi zen Moredara, gu ohartu ere egin gabe.
Emilio Xabier Dueñas — Folklorista eta etnografoa