Etnografia atalak

0

Meza ostean, artea neurtzen da. Egilea: Jon Urutxurtu.

Otsailaren 14an mundu osoan San Balendin eguna ospatzen da, maiteminduen eguna. Baina badaude tokiak egun hori era ezberdinean bizitzen dutena, adibidez Zeanuriko (Bizkaia) Eleizondo auzoan. Aurten otsailaren 12an —San Balendin egunaren aurreko igandean— ospatuko dute. Egitarau apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dute eleizondotarrek: 11:30ean meza izango da Andra Mari parrokian; ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoen ermitara eramango dute prozesioan, datorren urtera arte bertan uzteko, eta jarraian ermitaren aurreko artearen neurketari ekingo diote. Neurketaren akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak datorren urtekoari —urtean zehar ermita zaintzeaz arduratuko da— agiri-liburua eta ermitaren giltza pasatuko dizkio. Amaitzeko, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardoa— banatuko da bertara hurbiltzen direnen artean.

Egitarau honetan aipagarria da duela hirurogeita lau urte eleizondotarrek hasi zuten eta orain dela hamasei urte —aldi batean bertan behera utzita egon ostean— berreskuratu duten ekintza: Piedadeko artearen neurketa.

Piedadearen aurrean dagoen artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da, 1958. urtean eleizondotarrek landatu zutena. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zen igandean —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz…, artea neurtu egiten zuten. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta (†) —baso tasatzaile ospetsua— arduratzen zen. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat ematen zuten.

Gregorio Lejarreta (†) eta Igor Intxaurraga artea neurtzen. Egilea: Jon Urutxurtu.

Tradizio hau apurka-apurka galdu egin zen eta eleizondotarrak konturatu ziran ezin zutela euren gurasoek hasitako ohitura hori desagertzen utzi. Horrela, gaia ikertzen hasi ziran eta Zeferinoren basoetako tasazio koadernoetan lehen urteetako neurketen xehetasunak aurkitu zituzten: lehenengo neurketa 1959koa zen, eta hau irakurri daiteke bertan: “La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18”. Azken neurketa, Kandido Intxaurragak (†) bere kontura egin zuen 1999an eta bere etxean azaldu zen papertxo batean hau idatzi zuen: “Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50”.

2007ko San Balendin jaietan neurketaren ohitura berreskuratu egin zuten eta 2008an neurtzeaz gain, agiri-liburua zabaldu zuten, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Gainera, 2009tik aurrera zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (†) arduratu zen 2105ean hil egin zen arte. 2016an Gregorioren lekukoa Igor Intxaurragak hartu zuen eta bera da gaur egun neurtzaile ofiziala, bere ondoan Peru semea izaten duelarik.

2022an Piedadeko arteari hartutako neurria honako hau izan zen: 191,30 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran, 2021ean baino 0,30 cm gehiago. Zein izango ote da aurtengo neurria?

 

Jon Urutxurtu

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~