Artikulu hau “HORMAK ZARATAKA. ESKU-PILOTA AULESTI, NABARNIZ ETA EREÑOKO BIZIMODU TRADIZIONALEAN” testuan oinarrituta dago. Informazio gehiagorako kontsultatu hurrengo esteka: 9600&AntropologiaCultural26_.indb
Eszena bat: bi pertsona pilota bat eskuarekin jotzen horma baten kontra. Punta-puntako kirolariak dira. Laguntza ugari jaso dituzte zenbait adituren eskutik. Entrenamendua eta elikadura zorrotz zaintzen dituzte, janzkera teknikoa daramate soinean. Jokalari bakoitzak pilota bat baino gehiago aukeratu ditu, enpresa espezializatu batek egindakoen artean. Hiru mila ikusle daude hiriko pabiloi modernoan, telebistak eta beste hedabide batzuek zuzenean ematen dute partida.
Beste eszena bat: bi pertsona pilota bat eskuarekin jotzen horma baten kontra. Eskola-adineko umeak dira. Ezagutzen duten olgeta bakarretarikoa da dihardutena. Gurasoak haserretuko dira arropak kaltetzen badituzte, eta oinutsik dabiltza abarketak ez apurtzearren. Desegitear dago pilota; umeetako batek egin du ahal izan duen moduan, eskura zeuzkan materialak hartuta. Herriko elizaren horma bat frontistzat erabiltzen dute, mutil nagusiagoek kanporatzen ez dituzten bitartean.
Bi irudi horiek, funtsean jarduera bera erakusten duten arren, nabarmen desberdinak dira.
Lehenengo eszena pilota-jokoaren adierazpenik gorena dugu; gaur egungo profesional-mailako kirolak eskaintzen digun ikuskizunetako bat. Enpresa pribatuek modalitate batzuetako txapelketak antolatzen dituzte urtean-urtean eta pilotariak dauzkate soldatapean. Eskulariek ezaugarri bikainak dituzte: bizkorrak, indartsuak eta trebeak dira. Zalantza barik, telebistan esku-pilotak hain presentzia handia izateak kirolaren zabalkundeari laguntzen dio, eta aisialdirako eskaintzaren barruan bere tokia dauka.

Ogeta frontoia, Martinez de Irujo Olaizola II.aren kontra. Iturria: Irekia/Eusko Jaurlaritza. Egilea: Mikel Arrazola.
Hala ere, telebista izan baino askoz lehenago zaletasun itzela sortzen zuen esku-pilotak. XIX. mendearen erdi ingururako modan zegoen hormaren kontrako modalitatea. Aurrez aurreko joko zuzenaren gainbehera hasia zen. Plekariak pertsonaia ospetsuak ziren eta frontoiak altxatzen ziren han-hemen, publikoak zein industrialak. Askotan, frontoiak ez ziren ezerezetik eraikitzen, baizik eta aurreko pilota-plazetan zeuden egiturak aprobetxatuta.
Baina herri guztietan ez zen pilotan egiteko propio frontoirik eraiki; horrek, ordea, ez du esan nahi, inondik inora, han jokatzen ez zenik. Izan ere, erreboteko hormak, harresiak, kontzejupeak eta, batez ere, elizen hormak zeharkako jokoaren erdigune bihurtu ziren hainbat lekutan.
Bizkaiko hiru herriren kasua aztertu dugu: Aulesti, Nabarniz eta Ereñorena. Herri horietan frontoi konbentzionalak XX. mendearen bigarren erdian altxatu ziren. Lehenago, forma eta neurri askotariko pilotalekuak erabiltzen ziren, betiere elizen hormak aprobetxatuta. Egiturak zelakoak ziren ez ezik, informatzaileek azaldu digute zer geratzen zen kantxa zahar horietan.
Gorago deskribatzen den bigarren eszena herri horietakoa zein beste leku batzuetakoa izan liteke; agian pilota-jokoaren adierazpenik apalena. Lehen ez zegoen frontoi konbentzionalik, ez ganorazko pilotarik, ez ekipamendu egokirik, ezta gurasoen laguntza handirik ere. Halere, oztopo eta gabezia guztien gainetik, jendartean sentimendu bat gailentzen zen: pilotarako grina.
Iñaki Vidal