Gorbeiganaren oinean, Igiriñaon, 1.119 metrotara kokatzen da Elurretako Andre Mariaren baseliza, Bizkaian altitude handienean dagoen ermita. Duela berrogei bat urtera arte, uda-sasoian, igande eta jai egunetan, artzainek eta mendizaleek meza entzun zezaketen bertan; gaur egun, San Inazio egunean baino ez.
1922. urtean Eleuterio Goikoetxea zeanuriztarrak mendiko ostatua zabaldu zuen Igiriñaon (Gorbeia), “Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua” izan zena, eta metro gutxira Elurretako Andre Mariaren ermita eraiki zuen, gaur egun ere jatorrizko itxura eta egitura mantentzen duena: zementuzko eraikin txiki bat da, kanoi-ganga modukoa, hegal harritsu batean sartua; 3 x 2,25 metroko neurriak ditu eta sarrerako atea inguratzen duen burdinazko hesi txiki batek ixten du.
Elurretako Andre Mariaren ermitak bi pertsona baino gehiagorentzako lekurik, eta inolako elizpe eta aterperik ez zuenez, 1930. urtean Igiriñaon ermita berri bat eraikitzeko proiektua egon zen. Ignazio Rotaetxek proiektu hori era honetan justifikatu zuen: “gaur egun ermita haitzean sartuta dago, zementuzko arku sinple eta txiki gisa, eta balaustrada txiki bat du aurrean, bertan dago atea. Kapilatxo pobre eta xumea da, bakar-bakarrik apaiza eta laguntzailea sartzeko edukiera duena. Andre Mari Zuriaren izena du, eta irudia Gasteizko Udalak emandakoa da”. Ermita berria eraikitzeko ekarpenez arduratzeko, Funtsak Biltzeko Batzorde bat ere eratu zen. Proiektua Ignazio Rotaetxek idatzi zuen, planoak diseinatu zituen eta 21.463,60 pezetako aurrekontua izan zuen. Lanak hasi eta gutxira bertan behera geratu ziren, garai hartan halako eraikin bat eraikitzeak zeuzkan zailtasunen eraginez, seguru asko.
Gerra ostean, Eleuterio Goikoetxeak mendiko aterpe-ostatuaren atal ezberdinak saldu zituen: lehen bi atalak 1942an eta hirugarrena 1957an. Azken atala saldu eta hamalau urtera, 1971ko otsailaren 18an, Gillerma Uriarte, Eleuterioren alargunak, eta Begoñe Goikoetxea alabak, dohaintza eskrituretan adierazten den bezala, “dohaintzan ematen diote Bilboko Elizbarrutiaren barnean dagoen Zeanuriko Andre Mari Parrokiari Elurretako Andre Mariaren ermita eta aurretik banandua izan zen lur saila (…)”, honako baldintza hauetan:
“1.- Emaileak bizi diren bitartean, Zeanuriko Andre Maria Parrokiak ezin izango du dohaintzan emandako lursaila saldu edo trukatu.
2.- Era berean, lursail horretan ezin izango dira eraiki erlijio-gurtzarako ez diren eraikinak.
3.- Zeanuriko Andre Maria Parrokiak dohaintzan emandako lursaila erlijio-xedeetarako bakarrik erabiliko du”.
Beraz, 1971. urtetik Igiriñaoko ermita Zeanuriko Andra Mari parrokiaren jabetza da.

Elurretako Andre Mariaren ermita, bere mendeurreneko urtean, 2024ko uztailaren 31n. Egilea: Jon Urutxurtu.
Aurten ere uztailaren 31n, San Inazio egunean, eguerdiko 12:00etan, Igiriñaon ermitatik metro batzuk beherago meza ospatuko da. Meza Zeanuriko parrokoak emango du, bertan gogoan izango dira hildako mendigoizale eta artzain guztiak, eta San Inazioren martxa abestu ondoren, Elurretako Andre Mariaren ermitara egingo da bisita.
Amaitzeko Zeanuriko txistularien eta Orozkoko trikitilarien doinuez lagunduta, jai giroan, Zeanuriko udalak ohiko barauskarria —ardo zuria eta gailetak— bananduko du Igiriñaora hurbiltzen direnen artean.
Jon Urutxurtu