Etnografia atalak

0

Sareginak Lekeition. Iturria: Nieves Mendazona.

Sareginena belaunaldiz belaunaldi transmititu den lanbide tradizionala da, eskuz egiten dena eta espezializazio handikoa. Historikoki, Bizkaiko portuetako sareginak itsas jardueraren euskarri sendoa izan dira. Haien lana ezinbestekoa izan da arrantzaleek hurrengo egunean itsasora joateko moduan sareak prest izateko. Hala ere, azken urteetan baxurako arrantzak izan duen beherakadarekin, lanbide honek gainbehera handia jasan du, eta gaur egun desagertzear dagoen ofizioa da.

Sareginak oso gaztetatik hasten ziren ogibidean, familia-tradizioari jarraituta. Etxeko txalupako sareak konpontzen ikasten zuten lehenik, amaren edo familiako beste emakume baten eskutik. Behin oinarrizko puntadak menderatuta, portuan sartzen ziren lanean, taldeetan antolatuta, eta taldeko andereñoak edo ugazabandreak gidatzen eta irakasten zizkien lanbidearen teknikak. Horrela, praktikaren bidez eta urteetako esperientziarekin bihurtzen ziren sare-konpontzaile profesional.

Sareak askotariko arrazoiengatik apurtzen dira: korronte handiengatik, maniobra okerrengatik, arrain-poltsen pisuak eraginda edo harkaitzekin trabatzen zirelako. Horregatik, sareginek konponketa mota asko egin behar izaten dituzte; diotenez, hausturak sekula ez dira berdinak. Horrek ofizioa eskatzen du: konponketa txar batek itsas irteera gal dezake eta horrek tripulazioaren diru-sarreran eragin zuzena du.

Materialei dagokienez, lehen kotoizko sareak erabiltzen ziren, eta horiek tintatu egiten ziren gogortzeko eta iraunkorragoak izan zitezen. Lan gogorra zen: tinta-depositu handietan berotutako nahasteetan sartzen zituzten sareak, eta ondoren hagetatik zintzilikatu lehortzeko. Nylona eta material berriak erabiltzen hasi orduan, lan horiek desagertu, eta sareak arinagoak, erresistenteagoak eta konpontzeko errazagoak bihurtu ziren.

Sareginen lan-dinamika taldeka antolatzen zen: kuadrilla bakoitzak bere arduraduna zuen, andereñoa edo sotapatronia, eta honek banatzen zituen lanak, fakturazioa kontrolatzen zuen eta patroi edo jabeei azalpenak eman behar izaten zizkien. XX. mendearen erdialdean, Ondarroan 50 saregile inguru zeuden eta Bermeon 120 izatera iritsi ziren.

Guruzne Badiola saregina Ondarroan, 2022. Egilea: Gabo Punzo. Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Soldatei dagokienez, beti orduka kobratu izan dute, eta lanaren araberakoa zen diru-sarrera. Zapatu eta domeketan lan egitea ohikoa izan da, txalupek asteburuetan ateratzen baitzituzten sareak konpontzeko. Bestalde, euren lana ez da inoiz behar bezala baloratu: lan tekniko eta espezializatua izan arren, ez dute aitortzarik jaso; eta hortik ateratako soldatarekin bakarrik bizi izatea zaila izan da beti.

Lanaldia arrain-kanpainaren arabera antolatzen zen: berdel, sardina, antxoa, atun eta txitxarro garaiek markatzen zuten urteko lan-erritmoa. Udaberri eta udan lan gehien izaten zuten, eta neguan —geldialdi biologikoarekin bat eginez— mantenimenduko lanak egiten zituzten, hurrengo kanpainarako trainak prestatzeko. Gaueko lanak ere egin izan dituzte, batez ere 1960ko hamarkadan baxurako arrantzak gorakada izan zuenean.

Lan-baldintzak oso gogorrak izan dira: kalean, lurrean eserita, hezetasunean, hotzean edo eguzkipean egin behar izan dute lan. Eserlekuak eta baliabideak pixkanaka hobetu badira ere —bastidoreak, aulki altuak—, urte askotan jasandako posturak eta baldintzek osasun-arazo ugari utzi dizkiete, batez ere artikulazioetan eta bizkarrean.

Saregileen lan-tresnak sinpleak dira baina oinarrizkoak: eskuak, orratzak (tamaina eta erabilera ezberdinetakoak), artaziak eta hariak. Egun plastikozko orratzak erabiltzen badira ere, lehen egurrezkoak ziren eta malgutasuna emateko gatz uretan egosi behar izaten ziren.

Azken batean, sareekin lan egiten duten emakume hauek funtsezko rola izan dute Euskal Herriko arrantza-tradizioan. Beren ezagutza praktikoa eta trebezia belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa da, baina gaur egun arriskuan dago, bai arrantzaren eraldaketagatik, bai belaunaldi berrien artean jarraipenik ez dagoelako. Sareginen jakintza historikoa eta kulturala galzorian dago, haiek egindako lan isil eta nekaezina gure ondarearen parte garrantzitsua izan arren.

 

Akaitze Kamiruaga

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~