Etnografia atalak

0

Añibarro familia Sarasola baserrian, 1967. Iturria: Bilduma pribatua.

Normala da irakurleak gogoeta labur honen gaia apur bat zaharkitua aurkitzea, hausnarketak uztartzen dituen bi kontzeptuen ikusmoldeak gizartearen aurrerapenarekin batera bilakatu baitira. Gure lurraldeko herritar gehienek hiri handien inguruan garatzen dute euren bizitza, atxikimendu txikiagoa diote ondareari, eta familia tradizionalaren kontzeptuak hainbat familia ereduri utzi die lekua.

Baina ez dugu ahaztu behar euskaldun gehienon jatorria landa eremuan kokatzen dela, batez ere herrien inguruan sakabanatuta aurkitzen diren auzoetako baserrietan. Baserria oinarrizko ekoizpen gune eta etxebizitza tartean aurkitzen den eraikina da; nekazaritza, abeltzaintza eta baso ustiaketa jarduerak barne biltzen dituena, besteak beste. Garai hartan baserria bi-hiru belaunalditako kidez osaturiko familia osoaren ogibidea zan, estalpe, elikagai eta nortasuna ematen zuen etxebizitza hain zuzen ere.

Gure historian zehar baserria eta sendia batera joan dira belaunaldiz belaunaldi, hainbeste non bertako egoiliarrak baserriaren jabeak ziren kasuetan, familiek baserriaren izena hartzen zuten maiz. Mendeak igaroz hartu-eman hau nabarmen ahuldu da gure inguruak jasandako bilakaera sozioekonomikoaren ondorioz (industrializazioa, eskualdeen zentralizazioa, kontsumo ohituren aldaketa…), baina euskaldunok usadio eta ohiturenganako dugun grina sakona dela eta, ez da harritzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan harreman hau gogoratzea, eta are gehiago foru zaharraren garaitik hona legegintzaren bidez zehaztea eta erregulatzea.

Garaitondobekoa baserria, 1976. Iturria: Amorebieta-Etxanoko Udala.

Edu honetan sortzen da tronkalitatearen kontzeptua, aurretiaz azaldu den moduan gure izaeraren muineko diren bi ardatz batzen dituena, sendia eta ondarea hain zuzen ere. Erakunde juridiko honek, familia barneko ondare higiezina sendi bereko ondorengoen eskuetara heltzea bermatzen du, gaur egun indarrean dagoen 5/2015 legeak jasotako ezaugarri guztiekin, betiere ondasunak Bizkaiko lur lauan, Laudion edo Aramaion kokatzen badira.

Azaldu den moduan tronkalitatearen jatorria landa eremuko ondarean, baserrian batez ere, kokatzen da; baina gaur egungo aplikazioa ondare higiezin guztira zabaltzen da, honen izaera aldatuz. Beraz baserrien familia nortasuna babesteko sortutako usadio hau pisu, lokal, edo aparkaleku batera zabaldu da gaur egun, ondarea eskuratzeko joera berri batera moldatuz.

Laburbilduz, euskaldunon bizimodua izugarri aldatu da zentzu guztietan, baina nabarmentzekoa da gure baitan balio eta usadio askok bizirik jarraitzen dutela. Beraz, gure biztanleriaren gehiengoa hiri ertain edo handietan bizi eta gure arbasoen ohitura eta usadioak aldatu edo galdu arren, legeak euskaldunon familia lotura eta ondarearen babes hori gailentzen du, besteak beste oinordetzan araututako tronkalitatearen bitartez.

 

Mikel Etxebarria Gumuzio

Ekonomista eta legelaria

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~