Etnografia atalak

0

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sua izan da, denboraren hasieratik, giza espeziearen kultura-bereizgarri nagusia, gizabanakoak elkartzea eragiten zuen elementua, familiak eta gizarteak bateratzen zituena. Hori dela eta, suaren eta pertsonen arteko bizikidetzak iraun duen milaka urteetan, konnotazio sinbolikoez bete izan dugu sua. Azal ditzagun, gainetik bada ere:

Sua eta teila. Euskal kulturan, su iraunkor bat izateak edozein eraikin “etxe” bihurtzen zuen, txaboletatik edo aldi baterako bestelako babeslekuetatik bereizten zuen elementua… Gaztelaniaz, esate baterako, ederto islatzen da: hogar, ‘lugar de fuego (‘su-lekua’)’ delako.

Teila azpian bizi eta sua zuen orok ere hartzen zuen herri bateko auzotasuna. Horregatik, estrapolazio sinbolikoan, teila zati bat eta ikatzezko beste bat (teilatua eta sua) jarri ohi dira mugarri guztien azpian, euren legitimitatearen erakusgarri ukaezin gisa.

Fogerazioak. Gauzak horrela, ez da harritzekoa lehenengo populazio-erroldak antolatzean, etxeko suteen arabera egitea. Hortik datozkio «sutegi» edo “fogerazio” izenak.

Elkartasuneko sua. Su iraunkorraren garrantzia ikusita, ez da harritzekoa Nafarroako foruak berak xehetasunez jasotzea auzo-harremanetan ohikoa zen betekizun bat: sua uzteko betebeharra. Honela jaso zuen Jose Yanguasek (Diccionario de los Fueros del Reino de Navarra, 1828):

«[Jatorrizkoa, gaztelaniaz] SUA: Nafarroako herrietan, egur urrikoak izanik, auzokoek elkarri eman behar diote, eta horretarako, janaria gisatu ondoren, gutxienez hiru ilinti utzi behar dira etxean. Sua behar duena, eltze-ontzi batekin joango da auzokidearen etxera, eta barruan lasto txikitu apur bat duela, ontzia utziko du etxeko atearen kanpoaldean; sutondora igoko da, sua bizituko du, errautsa hartuko du esku-ahurrean, eta errauts horren gainean ontzira eraman nahi dituen txingarrak jarriko ditu, eta etxe hartako ilintiak ez itzaltzeko moduan utziko ditu. Era horretan sua emateri uko egingo lioken auzokoak 60 sueldoko isuna ordainduko du».

Badakigu, beste hainbatetan, sua beste leku batzuetara eramaten zela, soka bati lotutako ardagai baten gainean, airearekin bizitu zedin, birarazten zen bitartean. Horrela pizten ziren karobi asko, teileriak eta abar.

Sua berritzea. Urte osoan piztuta mantentzen zen sua nahita itzaltzen zen urteko egun zehatz batzuetan, berritzeko. Horietako bat Gabon gaua zen, eguzkiaren gainbehera solstiziala imitatuz, bere birjaiotzaren aurrekaria.

Su berria herriko plazan egiten ziren sute batzuetatik hartzen zen edo zuzenean etxean egiten zen, askotan basotik ekarritako enbor handi batzuk errez.

Euskal Herriko leku batzuetan ere “su berriak” egin izan dira Aste Santuan, elizako atarira ateratzen zuten su batetik hartuta, edo pizte-erritual neketsuekin lortua, egurrak elkarren artean igurtziz. Horrela Kristoren berpizkundea ekartzen zen gogora.

Gaur egun dena ahaztuta dagoela dirudi, eta suak ez du ia protagonismorik gure bizitzetan. Hori bai, haren ordezkoa aztertzen hasi beharko dugu: hainbeste hipnotizatzen gaituzten argi-pantaila sakro-santuen erabilera.

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~