Etnografia atalak

0

Ziortza Artabe Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Telesforo de Aranzadik duela gizaldi bat adierazi zuenez, “tabek izugarrizko garrantzia izan dute Europako etnografian, historiaurreko garaietatik”. Izan ere, munduko hainbat lekutan belaunaldiz belaunaldi jokatu den tradiziozko haur-jolasa da.

Euskal Herrian tartsoko hezurtxoak baliatzea izan da ohikoena, gehienetan arkumearenak. Halaber, ahari- edo ahuntz-tabak preziatuak izan dira, arkumearenak baino gogorragoak eta distiratsuagoak direlako. Era berean, txerri-tabak ere erabili izan dira, baita behiarenak ere.

Tabek beste izen asko hartzen dituzte euskaraz, han-hemen: aponak, Markinan (Bizkaia); txokoak, Oñatin (Gipuzkoa); sakak, Apilaizen (Araba) eta Ubiden (Bizkaia); hazurrak, Lekeition (Bizkaia); tortolak, Durangaldean (Bizkaia); tortolosak, Arrasaten (Gipuzkoa); kurkuluxak, Andoainen (Gipuzkoa); mailak, Baztanen (Nafarroa) eta Ezpeletan (Lapurdi)…

Idoia Tolosa. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Taba bakoitzak lau aurpegi ditu, horietako bi zabalak eta beste biak estuak. Batek daukan barrunbeak bereizten ditu elkarrengandik azalera handienekoak; kontrakoa laua da, irudirik eta irtengunerik gabea. Alboak ere bata zimurtsua da, bestea zimur gabea. Taba baten lau posizioek hamaikatxo izen jasotzen dituzte herri batetik bestera: saca, pon, kuku, carne, Agurainen (Araba); lehenengoa, bigarrena, hirugarrena, laugarrena, Galdakaon (Bizkaia); cara, culo, hueso, carne, Elon (Nafarroa)…

Tabetan, aponetan, txokoka… aritzeko, gutxienez, lau astragalo behar izaten dira, eta, gehienez, hamabi; dena dela, ohikoena sei erabiltzea da. Hainbat modutara jokatu liteke tabetan. Horietan ezagunena honako hau da: lurrezko edo kristalezko kanika, edo pilota txiki bat, airean bota eta gero, hezurren posizioa aldatu eta jasotzea. Tabak lehenengoan jarri eta jaso ondoren, prozesua errepikatu egiten da bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean. Denak lau posizioetan arinen biltzen dituenak irabaziko du.

Ziortza Artabe Etxebarria – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

(Euskal Herriko Atlas Etnografikoa obraren Haur Jolasak liburukitik egokitua. Ikus, halaber, Telesforo de Aranzadiren “Tabas y perinolas en el País Vasco”, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, XIV. liburukia, 4. zk., 1923.)


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~