Etnografia atalak

0

Piper-kordak eguzkitan. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Uda ez da amaitu, ez horixe! Ortuak sasoi onean daude oraindik ere eta barazki ederrak ematen dizkigute: lekak, kalabazinak, zerbak, tomateak, piperrak, letxugak…

Sarri, barazkiak eta frutak ortutik hara jaten ditugu, baina freskotan barik, urte osoan eskura eduki ahal izateko, modu desberdinak erabili izan dira. Ezagunenak hauexek dira: sikatzen uztea, azukretan edo ozpinetan gordetzea, ontzietan sartzea, eta gaur egun, elikagaiok izoztea.

Tomatea egosten. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Tomatea da urte guztirako gehien gordetzen dena. Garai batean, zoldu-zolduta zegoenean, txikitu eta lapiko handietan egosten zuten. Ostean, txinotik pasatu, eta behin birrinduta, azalak eta haziak kentzen zizkioten. Gero, kristalezko botilak tomatearekin bete eta olio pixka bat botatzen zitzaion gainean, haizerik sartu ez zedin. Botilak ixteko, aurretik uretan egositako kortxoak erabiltzen ziren. Kortxoak botiletatik ez irteteko, sokatxo edo burdin hariarekin lotzen zituzten. Amaitzeko, botilak lapikoetan sartu eta ur-beroaldia ematen zieten. Orain ere berdin antzera kontserbatzen ditugu tomateak, tipula erregosiarekin batera, gehientxoetan, eta botiletan gabe kristalezko ontzietan.

Piperrak kordatzen. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Piperrei dagokienez, txorizeroak edo Gernikako piperrak, abuztu eta irailetik aurrera landarean bertan heltzen utzi, eta gorritzen hasita daudenean batzen dira. Ondoren, kordak egiten dira, banan-banan orratza eta listaria buztantxotik sartu eta elkarrekin josita. Kordak portaleko hagetan edo etxe-aurrean eskegitzen dituzte sikatzeko. Behin zimelduta, piperrok, neguan, txerria hil eta gero, txorizoak egiteko erabiltzen zituzten; baita urte osoan saltsak prestatzeko ere.

Piper lodiak eta pikillo piperrak, ostera, erre egin izan dira, gero ontzietan sartzeko. Gehienetan, astero ogia egiteko erabiltzen zen labearen berotasuna aprobetxatzen zuten. Erre eta ostean, zuritu eta zatitu egiten zituzten. Tomatearekin egiten zen moduan, gero botiletan sartu, olioa bota, kortxoak ipini eta maria-bainutan egosten ziren. Orain, piperrak erre eta plastikozko poltsetan sartuta, izoztu egiten dira.

 

Akaitze Kamiruaga – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~