Etnografia atalak

0

Txakolina egiteko tresna eta upel tradizionalak. Egilea: Juanjo Hidalgo.

Ardoak asko izan du edaritik, elikagaitik, liturgiatik; salerosgaia izan da, erritualetan egon da, ospakizun eta zeremonietan, prestigio soziala eman du, eta, halaber, antzina bere kontsumoak mundu barbaroaren eta zibilizatuaren arteko muga ezarri zuen. Horregatik guztiagatik, mahatsondoak eguraldia helburu horretarako hain egokia ez zen lekuetara ere iritsi ziren; ardo horietako bat gure txakolina izan zen. Hala, izendapen geografikoa ipini beharrean, gure ardoa haren ezaugarri organoleptikoak goratu baino gehiago gutxiesteko asmoz jarritako adjektibo batekin bataiatu zuten.

Dokumentaturik dugu Goi Erdi Arotik izan zirela mahastiak Kantauriko euskal haranetan, eta bertoko ardo bat ekoizten zela. Mende batzuk geroago txakolin izena eman zioten, behinik behin XVI. mendearen lehen laurdenetik, edo, agian, lehenagotik ere. Beraz, ardo guztiek bezala, ibilbide sozial garrantzitsua izan du, eta presentzia nabarmena gure hiribildu eta elizateetako merkataritzan eta ekonomian, XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan barrena.

Aisialdiaz gozatzeko eta senide eta lagunekin elkartzeko topalekua izan ziren gure txakolindegiak, haietan abestiak eta koplak gogora ekartzeaz gain, eta ‘txakolindegien kultura’ deritzan hartan sortutako alderdi folklorikotik eta nostalgiatik harago, ibilbide bat egin nahi izan dugu, gure ardoak merezi duen lekua izan dezan, ikertu beharreko beste edozein gairen zorroztasun eta seriotasun berarekin.

“IZEN PROPIOA DUEN EUSKAL ARDOA” izeneko erakusketaren bidez, denboran zehar bidaia bat egin nahi dugu eta gonbidatu nahi zaitugu lehendabiziko basa-mahatsondo nahiz laborantzetatik abiatzen den bidaia batean parte hartzera; ibilbide horretan gure ardoaren historiari orpoz orpo jarraitzeko ezinbestekoak diren dokumentuetako batzuk izango ditugu aztergai eta gozagarri. Era berean, mahats-parrek gure paisaian utzitako arrastoari jarraituko diogu eta gure baserri zaharretan ahaztutako upeltegiren bateko atea ere irekiko dugu. Aisialdirako abaguneren bat ere izango da, noski, txakolina protagonistatzat hartuta; horretarako, alaitasun une haietan sortutako koplak eta kantak abestuko ditugu. Halaber, “txakolin” hitzaren jatorria konponezineko arazoa balitz moduan alde batera utzi gabe, orain arte aztertu diren hipotesiak azalduko ditugu. Era berean, tristuraz ikusiko ditugu mahasti-paisaia suntsitu zuten izurriteak; eta pozik hartuko dugu landaketaren berpizkundea eta gaur kalitateagatik ospatzen den ardoa.

Hau guztia eta gehiago dastatu ahal izango duzu Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean, 2026ko irailera arte egongo den erakusketan. Hirurogeita hamar objektu baino gehiago daude ikusgai, erromatarren garaitik XX. mendera arte, baita dozenaka argazki, zaharrak eta berriak, eta testu labur baina zehatzak. Helburua da txakolinaren historia osatzea, folklorismora edo sarritan aipatzen diren pasadizoetara mugatu gabe. Harritu egingo zara, seguru asko ezagutzen ez zenituen dokumentu eta datuak ikusita. Zatoz gurekin txakolina hobeto ezagutzera.

 

Juanjo Hidalgo

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~