Etnografia atalak

0

Taberna Bedia (Bizkaia) herrian. Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Txikiteoa ondo errotutako eta tradizio handiko ohitura izan da Euskal Herrian (eta inguruko beste lurralde batzuetan). Txikiteoa tabernaz taberna ibiltzea da, zutik “txikitoak” edo baxoerdiak (edalontzietan hartzen den ardo kantitate txikia) hartzen diren bitartean. Herrietan, tabernaz beteriko eremu ez oso handi batean edo batzuetan egiten da txikiteoa, oro har. Taberna horietan, lagun-taldeak, txikiteroak, elkarrekin aritzen dira hizketan, eta herriko eta gertuko beste herri batzuetako albisteei edo gertaera orokorrei buruz jarduten dute. Txikiteoari poteo ere esaten zaio eta txikiteoan aritzeari poteatzea.

Garai batean, egunero bi aldiz izaten zen txikiteatzeko aukera, eta adin nagusiko gizonek bakarrik egiten zuten (prakadunek). Lehenengo aukera, langileek ateratzeko eta bazkaltzeko zituzten bi atseden-orduetan, 12:00etatik 14:00etara. 14:00etan, lantegiko sirenak jotzen zuenean, lanera itzuli behar izaten ziren. Aurretik, “kafe konpletoa” hartzen zuten askok: kafea, koñak-kopa (edo beste likore batena) eta purua. 18:00etan edo 19:00etan, lanetik irtetean, txikiteoa egiten zen berriro, etxera joan aurretik. Igande eta jaiegunetan, kuadrillak gutxiago aritzen ziren tabernetan, gizonak gehiago egoten zirelako familiarekin.

Ardo beltza edaten zen, arrunta, eta mostradorean zerbitzatzen zen, oinarri oso lodiko edalontzi astunetan, eta portzelana zuriko pitxerretatik botatzen zen ardoa. Pitxerra zahagiko ardoarekin betetzen zen, tabernan bertan. Zenbait zerbitzarik trebetasun handiz zerbitzatzen zuten edalontzi-ilara luzea, ardoa bizkor eta tanta bat bera ere kanpora bota gabe.

Era horretara ibiltzeko, biztanle-kopuru dezentea behar zuen herriak. Landa-eremuan, lanegunetan etxean hartzen zen ardoa, eta igandeetan eta jaiegunetan elkartzen ziren nekazariak elkarrekin trago batzuk hartzera, herriguneko elizara edo auzoko ermitara joaten zirenean.

Txikiteroen jaia. Iturria: Zazpikaleetako Merkatarien Elkartea.

Denboraren poderioz, emakumeak ere hasi ziren txikiteoan, hasieran gizonezkoekin batera eta bakarka edo talde mistoetan gero. Hasieran, nagusiki ardo zuria edo gorria hartzen zuten.

Gazteekin, eta urteek aurrera egin ahala, ahuldu eta aldatu egin da txikiteoaren ohitura. Eragin handia izan dute horretan ordutegi eta lan-metodo berriek eta ohitura-aldaketek; osasuna zaintzeko ardurak, besteak beste. Gazteek, eta heldu askok, ardoaren ordez garagardo edalontzi txikiak, zuritoak, edateko ohitura hartu dute. Eta nerabeak taldeetan elkartu, eta lonja izeneko lokaletan edaten dute. Lokal horiek alokatu egiten dituzte, eta bertan elkartzen dira gozatzeko eta beren gorabeherak elkarri kontatzeko.

Segundo Oar-Arteta — Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~