Gauza jakina da txokolatea Hego Ameriketako aspaldiko zibilizazioen ekai ezin preziatuzkoa zela. Diru gisa baliatzen zuten kakao-baba Kristo aitzineko mila urtean jadanik. Medikuntzan, eltzegintzan edota alkohola egiteko baliatzen zuten ere. Hitza bera Maya zibilizaziotik datorkigu, haiek xocoatl deitzen ziotelarik baba horrekin egindako edari beroari.
Inportazioak Kristobal Colonen aurkikuntzaren ostean hasi ziren, Hernan Cortés-i esker. Iduri luke Luis XIV.a eta Espainiako Maria Teresaren ezteietan (1660 urtean) arrakasta izan zuela eta ordutik zitekeen Euskal Herrian kokatu.
Dokumentu askotan Espainia eta Portugaletik haizatu juduekin etorri eta hemen errotu zela kontatzen da. Dena den, erran daiteke XIX. menderako etxe anitzetan sustraitu zela eta eskuin eta ezker txokolate egileak plantatu zirela.
Kanbon ere errotu zen
Noizbait Euskal Herri barnealdean errotu eta Kanboraino iritsi zen.
Kanbon izan diren lehen txokolate egileak Ainhoa hurbileko herritik etorritako Dolhabarats anaiak omen ziren, Elizaldea etxean plantatuak, XVIII. mende erditsutan.
Fagalde enpresa
Baina txokolateari fama eta horren aktibitatearen garapenaren izen garrantzitsuena Fagalde familiarena da. Historiak dio Jean Fagalde (1748-1803) txokolategilea zela Heleta (Baxenabarre) herriko Zaldun-egia etxean. 1787an, astoz abiatu omen zen emaztearekin Kanborantz. Astoaren ziztroetan, alde batetik txokolate harria zeukan eta bestetik, beren bi haurrak.
Izen bereko semeak (1777-1857) aitari segida hartu zion eta inguruetako lehen txokolategile industriala bihurtu zen. Enpresaburu eta Kanboko auzapez izan zen hiru agintaldiz segidan.
Txokolateari dagokionez, lehen enpresa izan zen, 1855ean, zein lurrin makinaz hornitua izan baitzen. Enpresa, hain zen famatua non Parisen gertatutako 1855eko Erakusketa Unibertsalaren ondotik, “Frantsesen Enperadorearen hornitzaile” titulua lortu baitzuen. Sari asko jasoko zituen urteetan zehar eta saltegiak irekiko Euskal Herritik kanpo ere (Bordelen, Parisen,…). Enpresak 1938ra arte iraun zuen. Urte horretan desegin zen.
Noblia enpresa
Anartean Fagalde enpresan langile egon zen Pascal Nobliak bere lantegi xumea sortu zuen Kanboko Kiskinia etxean, Fagalde lantegiaren parean. Honen haur txikiek zuten lantegi berria eraikiko 1929an eta hamar urte berantago Fagalde lantegiko materiala erosiko zuten. Noblia txokolategiak hirurogeiko hamarkadaren bukaerara arte ongi garatuko zen. Baina, ondotik, aktibitatea apaltzen hasi zen. Enpresak 2001 arte iraunen zuen halere, Kanboren txokolate egileen orrialde bat hetsiz enpresarekin batera.
Gaur egun, txokolatea babatik egiten duenik ez bada ere gehiago Kanbon, txokolatea goza daiteke herriko hainbat gozotegitan eta Puyodebat etxeak Itsasuko bidean jarri duen saltegi museoari esker.
Pantxix Bidart Pla