Etnografia atalak

0

Aingeruak. Berastegiko hilerria. Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Herri-pentsaeran, ume baten hileta modu berezian egin izan da beti; izan ere, izaki errugabe baten heriotza denez, fededunentzat zuzenean zerura doan arima da. Hori dela eta, umeen heriotzan ez dira ohiko dolu-zeinuak ageri izan: zuria da kolore nagusia, bai hilkutxan, bai barruko estalkian ere, eta hileta-meza Gloria-meza izaten da. Antzina, haurren heriotza-tasa oso altua zen lehenengo urtean, eta, batez ere, erditu osteko lehen egunetan. Egoera horri urtemina deitu izan zaio euskaraz.

Umearen heriotzaren berri emateko, kanpaiak modu berezian jotzen ziren, “toques a gloria” edo “aingeru-kanpaiak” izenaz ezagutzen zirenak. Hilobiratzeak ere etxe inguruko edo hilerriko leku seinalatuetan egiten ziren. Hildakoaren segizioa helduena baino txikiagoa izaten zen: andariak umeak izaten ziren eta, herri batzuetan, hildako haurraren sexu berekoak izaten ziren.

XX. mendearen erdialdera arte, hilerrietan bazen gune erantsi bat bataiatu gabe hildako haurrentzat gordea: linboa. Elizak bultzatutako herri-sinesmenaren arabera, hara joaten ziren haur horien arimak. Linboan lurperatutako gehien-gehienak hilda jaiotakoak izaten ziren; izan ere, jaio orduko bataiatzen zituzten umeak, are gehiago heriotza-arriskurik bazegoen.

Presazko etxe-bataiorako eskuorria. Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Zenbait herritan, 1940-1950eko hamarkadetara arte, iraun egin zuen hilda jaiotako edo bataiatu gabeko haurrak etxearen babesean lurperatzeko ohiturak: ituxurapean (teilatu-hegalean), etxe ondoan zegoen baratzean, edota, batzuetan, etxe barruan bertan.

Iraganean, landa-eremuetan, gertatzen zen emakumeak etxean bakarrik erditzea, emaginaren, senideen edo bizilagunen laguntzarik gabe. Kasu horietan, selauna baratzean edo ukuiluko simaur artean lurperatzeko ohitura zegoen. Testigantza batzuen arabera selaun hori ituxurapean lurperatzen zen, hilda jaiotako edo bataiatu gabeko haurrak etxearen babespean lurperatzeko ohitura zaharraren oroigarri gisa.

 

Segundo Oar-Arteta — Etniker Bizkaia — Labayru Fundazioa

Bibliografia:

Ritos del nacimiento al matrimonio. Ritos funerarios y Casa y Familia. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa.

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~