Etnografia atalak

0

Kabalkadak Itsasun (Lapurdi). Egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Urtea hasi bezala amaituko da: gozoki eta alkohol artean, gala- eta etiketa-jantzien artean, konfeti eta serpentinen artean… eta, ahal bada, barruko arropa gorriarekin. Hori bai, Inauterietan, San Joanetan, herriko festetan, Halloween festan, Neguko Solstizioan edo era guztietako jai pribatuetan (kuadrillak, agur-festak, ikastetxeak, etab.) ohikoak diren mozorroak eta maskarak ere ez dira faltako.

Nolabait, Diktadura garaian Inauterietan mozorrotzeko izandako debekua galdutako denbora errekuperatzen ari dela eta hainbeste irudimenarentzako biharamunik ez dagoela dirudi.

Alabaina, honek guztiak behartzen nau neure buruari galdetzera: non daude jatorri edo zentzu erlijiosoko ospakizunetan izaera profanoko mozorroaren, pertsonaiaren simulazioaren eta uniforme eta janzkera tradizionalen erabileraren arteko mugak?

Lamiakoko (Leioa) Maskaradako pertsonaia batzuk. Egilea: Emilio Xabier Dueñas.

“Inauterietako” performance batek jantziak behar ditu: elizgizonen arropekin (apaiza, apezpikua, fraidea…), politika-munduko pertsonaia ospetsuak simulatuz, uniforme militarrekin (armada, Guardia Zibila, Polizia edo Ertzaintza), moda puntual edo iraunkorrei erantzunez (Superman, sorgina, Hulk…) edo lanbideak irudikatuz (tailerreko mekanikaria, erizaina, medikua…). Halaber izaki mitologikoak sinbolizatu (Basajaun, Olentzero…), tradizioko pertsonaiak (hartza edo “atsoa”) eta funtzio edo lan koreografikoak antzeztu Kabalkadetan, Pesta Berrian edo Maskaradetan, eta XIX. mendeko gerra zibiletako guduetako karlistak eta liberalak edo klase marjinatuak (arloteak edo eskaleak) eszenifikatu. Gauza bera gertatzen da ordena katolikoan egindako errepresentazioekin: Balmasedako pasio bizidunaren pertsonaiak; apostoluak, Kristo eta San Migel Oñatiko Gorputz-eguneko prozesioan; eta erromatarrak Aste Santuko prozesioetan.

Mozorroaren kategorizazioa, mozorrotuaren jarrera eta sortzen den sinbiosia nolakoak diren alde batera utzita, gaur egun aipatzea merezi duten kontraesan batzuekin egiten dugu topo. Duela urte batzuk gizarteak onartzen zuena —hala nola, ijitoz janztea, beltzez margotzea (blackface) edo trabestitzea—, arbuiatua izatera igaro da; gaitzespen hori ez da parekagarria beste estamentu batzuek, adibidez elizak, militarrek edo lanbide jakin batzuek, jasotzen dutenarekin. Zalantzarik gabe, sentikortasun latente eta agerikoen ondorio dira, gizarteak gaur egun gaitzesten dituenak.

Balantzaren beste aldean, onargarritzat jotzen dugunaren barruan, baserritarrez janztea dago, hamaika modutan, bertakoaren edo berezkoaren eta benetakoaren eta desfasatuaren artean. Bitxia bada ere, landatarraren eta exotikoaren arteko irudikapen arrunt gisa jaio zen. Estetika aldatuz joan da, eta pisu espezifikoa hartu du merkaturatzeari begira.

Izan ere, erabilera asko aldatu da, eta ia ez da sumatzen jatorria. Ikus dezagun adibide pare bat: XIX. mende amaierako postulatzaileak, salbuespenak salbuespen, ez zihoazen uniformaturik baserrietatik edo kalez kale dirua edo biandak jasotzera; musikariak ez ziren mozorrotzen, baizik eta ahalik eta modu dotoreenean janzten ziren.

Mozorroen egungo amalgamak ia urtean zehar haien erabileraren aldakortasun eta moldakortasun bera du, non, “tipikoez” gain, berrikuntzak izaten diren. Horrek ez du eragozten pertsona batek baino gehiagok bere sormena proiektatzea eta zerbait desberdina eskaintzea mundu honetan, non ospakizun eta jaiek (pribatuek nahiz publikoek) egutegi bat gobernatzen duten: mozorroaren erabileraren egutegia, hain zuzen ere.

 

Emilio Xabier Dueñas — Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~