Gaur egun Hazparne herria zeharkatzean ezin da irudikatu Lapurdi barneko hirixka horrek duela 70 urte izan zuen industria jarduera oparoa. Hazparneko Historia batzordeak publikatzen duen desagertutako ondare horren azaleratzea du helburu, Orkeia izeneko urtekariak.
Desagertua? Ez erabat. Herrian zehar dabilenak duela 80 urte bizimoduaren eta izen onaren adierazle ziren eraikuntzak ikus ditzake. Eraikin horiek, garaian, zapata fabrikak ziren. Batzordeak hogei zerrendatu ditu XX. mendean zehar sortu eta hirurogeiko hamarkadetan desagertu zirenak. Gaur egun, fabrika horiek zerbitzu publiko, herriko mediateka, herriko gelak edota etxebizitza kolektiboak bihurtu dira.
1950 inguruko urteetan, jardunbidea apaltzen hasia bazen ere, zapatagintzak oraindik 1300 bat langile enplegatzen zituen. Horrek bere ildotik zekarren sekulako giroa, ezagutu ez dugunontzat ezin pentsatuzkoa (lanera zihoazen langileen desfilea, lanera sartu aurreko eta ondoko ostatuetako giroa, ostatu eta komertzio ttikien presentzia azkarra).
Zapatagintzaren industrializazioa argindarraren eta mekanizazioaren garapenak ekarri zuten XX. mendeko lehen urteetan. Herriko familia batzuk izan ziren aitzindari (Amespil, Landerretche, eta Hiriart-Urruty besteak beste). Berantago enpresak kanpotik etorritako arduradun batzuen eskuetara pasatu ziren.
Erran bezala, 1950eko hamarkadan lehen arazoak hasi baziren ere, beherakada 1960tik hara senditu zen. 1963an egin zen sei eguneko greba eta 1967ko maiatzaren 10ean, «Hazparne Hiri Hila» eguna izan zen. Batasun handian, 2000 hazpandar herriko etxe aitzinean elkarretaratu ziren eta hortik Baionara joan ziren manifestatzera. Egun osoan, herriko komertzio guziak hetsirik egon ziren. Baina mundializazioak konkurrentziaren bortitzegia zekarren eta enpresa bakar batzuek 70/80 hamarkadetan zehar iraun bazuten ere, gehienek ateak hetsi zituzten (azken enpresak 2011n utzi zuen zapatagintza luxuzko larrugintzan segitzeko).
Baina Hazparneko zapatagintzaren industrializazioa ez zen hutsetik abiatu. Herriak zapatagin asko zituen aspaldian. Laborantza nagusi bazen ere, XVII. mendetik goiti oihalgintza, zurragintza (edo larrugintza) eta zapatagintza garatu ziren, herriko laborariei jarduera bikoitza emanez. Hazparnek aktibitate horientzako behar ziren hiru elementuak bazituen: tanoa, tokiko haritzek emana; ura, Urtsua menditik; eta, azkenik ardi eta behi hazkuntza nasaia. Hazparnek 137 zurratzaile zituen 1804ean. Industrializazioarekin etxeetako lan horiek ttipitu eta enpresa handietan kontzentratu zen (XX. mende hastapenean).
Zapatagintzak, herritarrek bezala Hazparnetik Ameriketara emigratu zuen XIX. mendeko bigarren erditik goiti. Iritsi ziren tokietan hainbat enpresa sortu eta herriko hainbat emigrante enplegatu zituzten, Kuba, Mexiko, Argentina edota Txilen.
Herriko Historia batzordearen lanak memoria horren azaleratzea du helburu, zapatagintzari doazkion hainbat gai jorratuz: borroka sozialak, sindikalismoa, emazteen papela industrian, lan baldintzak, euskara eta lana, eta abar; urtero argitaratuko duten Orkeia aldizkariaren bidez.
Pantxix Bidart