Etnografia atalak

0

Argiñao auzoko Andikoetxea baserriko ateburuko inskripzioa. Egilea: Izail Perez Junkera.

Artikulu honen oinarria 2023an egin nuen lan bat da, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondarearen Zaharberritze eta Kontserbazio graduko amaierako lana hain zuzen ere. Zeberioko baserrietan topatutako harrizko 52 inskripzioren azterketa, dokumentazioa eta erregistroa ikus daiteke ikerketa horretan. Horren helburu nagusia aipatutako inskripzioak barne biltzen dituen erregistroa egiteaz gain, udalerriko ondare historiko-kulturala goraipatzea da.

Zeberio, Arratia-Nerbioi eskualdean kokatzen den landa eremuko udalerria da. Historikoki jarduera sozio-ekonomiko garrantzitsuena baserria izan den arren, 1960ko hamarkadatik hona nekazaritza gainbehera etorri da.

Gaur egun ez bezala, etxebizitzara 2. solairutik sartzen zen, hori dela eta, inskripzio gehienak eraikinaren sarrera nagusiaren gainean topatu dira. Euskal Herri zabalean ere ohikoa da baserri fatxadetan horrelako idazkerak aurkitzea, eta zer esanik ez Nafarroako iparraldean, Lapurdin edo Nafarroa Behereko etxeetan. Aipagarria da inguru horietan dauden inskripzioetan Zeberion agertzen ez diren hainbat figura ikus daitezkeela: izarrak, ilargiak, eguzkiak, lanabesak, animaliak, landareak…

Ateburu eta leihoburuan inskripzioak dituen Etxebarria baserria (Gorositu auzoa). Egilea: Izail Perez Junkera.

Hurrengo lerroetan Zeberion dauden inskripzioen ezaugarrien artean hauek aipatuko ditugu: batetik, inskripzioen euskarria (harria bera) baserriaren estrukturaren elementuak izan daitezke: ateburuak, leihoburuak edo fatxadako harriak; edo bestela, etxeari gehitutako plakak. Inskripzioen letrak idazteko orduan ere, ezberdintasun nabariak ikusten dira. Inskripzio batzuetan sakonune teknika erabili da, beste batzuk margotuta besterik ez daude; eta azkenik, erreliebe bezala ere irakur daitezke idatzi batzuk.

Inskripzio motak eta idazteko teknikei erreparatuz gero, garaian garaiko ezberdintasunak ikus daitezke. XVII eta XVIII. mendeetako harriak egitura elementuak dira, eta denak daude sakonune teknikarekin eginda. XIX mendean ohitura horiek aldatzen doazelarik XX. mendean plakak bakarrik topatu dira, gainera mende horretako azken idatziak erliebe teknika bakarrik erabiltzen dute.

Inskripzioetako mezuei dagokienez, hiru emaitza garrantzitsu ondorioztatzen dira:

  1. (Ber)eraikitze urtea ia harri guztietan (%94) agertzen da.
  2. Jabego aipamena ikusten da ia inskripzioen erdietan, izan inizial forman edo izen deitura osoarekin.
  3. Inskripzioak eraikinak babesteko modu bat ere baziren. Horretarako erlijio erreferentziadun esaldi (Viva Jesus, Ave María Purísima, Deo propitio…) edo sinboloak (gurutzeak, JHS edo Victor ikurrak) agertzen dira.

Tamainari dagokionez harririk handiena 262 x 90 cmtako harria da, eta topatu den inskripziorik zaharrena, berriz, 1643. urtekoa. Gaur egun baina, eraikina jausita dago eta ez da posible inskripzioa ikustea.

Bukatzeko, ondorioztatu daiteke Zeberioko baserrietako inskripzioen inguruan egin den azterketa honek herriak duen ondare kultural-historikoa azaleratzen duela. Batetik, Zeberio bezalako herri baten aurkitu den inskripzio kopuruagatik, eta bestetik, ondare historikoari eman beharko litzaioken garrantziagatik. Lan honek hedapen eta irisgarritasun interes bat izanda, jakinmina duen edozeinek erregistro hau eskura izango du hurrengo estekan: https://labur.eus/zeberioko_inskripzioak. Hor ikus daitezke inskripzio guztiak, baita lan idatzia ere. Bertan argi erakusten da Zeberion badagoela zer zabaldu.

Izail Perez Junkera — Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~