Artikulu hau Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean Kultura eta Natura Ondarearen Kudeaketako Unibertsitate Masterreko amaierako lanean dago oinarrituta. Lan honen izenburua hauxe izan zen: “Propuesta de documentación, inventariado y puesta en valor de las fuentes y manantiales de Zeberio”. Ikerketa-proposamen honek hiru alderdi nagusi jorratu nahi izan zituen: lehenengoa, dokumentazio zehatza, Zeberioko iturri/iturburuei buruzko informazio historiko, geologiko, geografiko eta kulturala kontuan hartuta. Bigarrena, aurreko ataleko edukietan oinarrituta, datu-base sistematikoa egitea; eta hirugarrena, iturriei merezi duten balioa ematea. Proiektuak ur-baliabide horien kontserbaziorako eta sustapenerako estrategiak bildu nahi izan ditu, lehentasuna euren babesa delarik; eta horrez gainera, beste helburuetako bat ikastetxeetarako material didaktikoa eta bide tematikoak sortzea izan da.
Ura bizi-iturria da gizadiarentzat. Lehen giza ezarpenetatik, uraren eta zibilizazioaren arteko harremanek lotura zuzena izan dute historian. Ura faktore erabakigarria izan da zibilizazioen eraikuntzan eta sendotzean, eta eragina izan du hiri-finkapenen eraketan, eredu ekonomiko eta politikoen sorreran, eta lurraldearekiko harremanetan. Ura giza erlazioetarako eta gizakien biziraupenerako funtsezko faktoreetako bat da.
Zeberion, munduko beste lekuetan bezala, ura ez zen giza kontsumorako bakarrik erabiltzen; iturburuak abereentzako aska ere izan dira; baita arropa garbitzeko leku; edo bainuetxe gisa ere ustiatu dira, bere propietate sendagarriengatik. Horregatik, Zeberioko hainbat iturriren ondoan, garbitegiak edo askak eta bainuetxeetako bainuontzien hondakinak aurkitu izan dira.
Garrantzitsua da iturria eta iturburua bereiztea, batez ere jatorrian eta ezaugarrietan oinarrituta. Iturburua puntu natural bat da, non lurpeko ura lurraren azalera irteten den. Aldiz, iturria gizakiak iturburu bat bere beharrizanak asetzeko diseinatutako eraikuntza artifiziala da. Iturriak ura modu eskuragarrian edukitzeko sortzen dira. Laburbilduz, desberdintasun nagusia iturburua fenomeno naturala dela da; iturria, berriz, ura errazago eskuratzeko giza sorkuntza da.
Zeberioko kasuan, 1771ko mapa topografiko batean iturri baten aipamen dokumentala agertzen da. Plano horretako legendan, “P” letrarekin Abeur izeneko iturria aipatzen da (PARES, Planos y Dibujos Desglosados, 696; Bizkaiko Aretoa 1275.0002/1276.0001).
Peña Santiagok dioen bezala: “Iturriak izan dira urte askoan gure herrietako bizitzako funtsezko guneetako bat; eta, era berean, haien existentziak, distantzia handiago edo txikiagora, baserriaren eraikuntza markatu du”. Zeberio herria ez da salbuespena, eta, horregatik, dauden ia 70 biztanle-guneetatik, asko iturriren batetik hurbil daude.
Iturburuetako ur mota zein den zehazteko, garrantzitsuena iturri mineralen aniztasuna da, zeharkatzen duten lurraren arabera baitaude. Horregatik Zeberion lau taldetan banatu daiteke: sulfurosoa, ferruginosoa, kareharrizkoa eta gatz-iturria.
Iturri sulfurosoen (uratsa) adibide dira, bata, Gesala auzoko Tellerikoa, gaur egun erabiltzen dena; eta bestea, Ugartekoa, egun desagertuta dagoen bainuetxekoa. Gatz-iturriaren adibide gisa, Gesalako uren kasua baino ez dago. Ur horiek XIX. mendean eraikitako bainuetxean erabili ziren, eta 1930eko hamarkadara arte iraun zuten. Kareharrizko iturrien artean, nabarmentzekoak dira Ereñotza auzokoa (1556ko dokumentu batean, Iturribaltzaga deitua); eta Uriondo auzokoa, aurrealdean 1761eko inskripzioa duena; bai eta garbitokirako eta uraskarako harrizko zenbait pieza ere. Iturri ferruginosoak (euskaraz, metalure edo burdinure) ugarienak dira eta hainbat auzotan sakabanaturik daude: Santa Kurtze, Arkulanda, Areiltza, Zabalebekoa, Solatxi, Sautuola, Egia, Zubialde…
Iturburuak eta iturriak, ondare immaterialtzat ezeze, herri baten ondare natural eta kulturaltzat ere hartu beharko genituzke. Horien inguruan dagoen aberastasuna ere itzela da: toponimoak ―Iturrondo, Iturrigorri, Nagiturri, Zazpiturri(eta) ―; kondairak (lamiak eta sorginak), koplak… Erabilera eta ohitura ugari daude, eta horiek denak bildu, berreskuratu, zabaldu eta eguneratu egin beharko lirateke.
Izail Perez Junkera — Labayru Fundazioa