Etxean jaio ziren horietako bat izan nintzen ni, dena emagin baten bila lasterka irtetearekin hasten zen erditze domestiko batean, erditzean laguntzeko.
Bera izan zen, jaio ondoren, plazenta, zilarekin batera, zatitzeko eta sutara botatzeko, desagerrarazteko, agindu zuena, ordurako organo gaitzesgarri bat bezala hauteman zuelako, batere sinbolismorik gabekoa.
Baina oso bestelakoak izan ziren gauzak urtebete atzerago, nire arrebaren jaiotzean. Orduan bai, arbasoen ohitura betez, aita Kukullu basoko txaradira joan zen, etxe aurrean ikusten dugun errekatxoaren beste aldera. Zulo sakon bat egin zuen eta han lurperatu zuen selauna, ondo babestua, abereren batek jan ez zezan. Betidanik egiten zena errepikatzen ari zen, garrantzi handirik eman gabe.
Baina badu, oso erritu zaharra delako, mundu osoan zabaldua.
Euskaraz selaun esaten diogu plazentari. Jatorria seni + lagun hitzetan du, hots, ‘haurraren laguna’. Hitza bera argigarria da azaltzeko nola ulertzen zuten gure arbasoek selauna: ia sakratua, barru-barrukoa eta, halabeharrez, betiko lotua barnean gorde izan zuen izakiaren patuari.
Aspaldiko garaietatik, gizarte askotan, plazenta hartu izan zen jaioberriaren bizitzaren luzapen eta jarraipen bat bezala. Hori dela eta, zaindu egin behar zen, oro har [jatorrizko testua, gaztelaniaz] «…lurperatuz eta izaki kaltegarrietatik babestuz, hala nola jan zezaketen animalietatik, hori amaren eta bereziki haur jaioberriaren kalterako izango zelako» (Consolación González eta Pía Timón, 2018).
Gutierre Tibón (1986) bezalako beste autore batzuek errito hau sakonki aztertu zuten, mundu osoko eskalan.
Gure herrira ekarrita, José Mª Satrustegi apaiz etnografo eta euskaltzainak ideia bera jaso zuen: [jatorrizko testua, gaztelaniaz] «…selauna eta erditzearen gainerako hondakinak kontu handiz ezkutatu behar ziren lur ematean, uste izaten zelako, lurrazalera kanporatuz gero, interesatuari zorigaitza ekarriko ziola eta amorru hartuko zuela jaten zituen txakurrak».
Euskal Herriko Atlas Etnografikoa begiratu besterik ez dago erritual honen inguruko herri-adierazpenekin topo egiteko.
Bereziki deigarri zait Artziniegakoa (Araba), bertan aldez aurretik oihal zuri batekin biltzen baitzen, selaunari haurtxo bat balitz bezalako tratua emanez.
Antzeko zerbait dokumentatua dugu Elgoibarren (Gipuzkoa). Plazenta teilatu-hegaleko itoginen lerroan lurperatzen zen. Horrek bataiorik gabe hildako haurtxoak bertan ehorzteko euskal ohitura zaharrera garamatza.
Ondoren zuloa harlauza batez estaltzen zen eta gainean zurezko gurutze bat jartzen zitzaion, horrela selauna izaki maite baten hiletari zegozkion ohore antzekoak jasoz. Eta euri-egunetan tantak erortzen zitzaizkion gainera, euria bedeinkatutzat hartzen zelako, “Zerutik beretik” zetorrelako.
Badirudi uraren kontu hau garrantzitsua dela, penintsulako geografia osoan eta Amerikako eremu handietan zaintzen zelako plazenta leku heze eta ez lehor batean lurperatzearena, bestela ama eta haurtxoa bizi osorako egarri izango zirelako, eta osasuna ahuldu egingo zitzaielako.
Nire plazenta aurreko arbasoen kultura-altxorretik bereizitako lehena izateak pena handia ematen dit. Hori bai benetako jatorrizko bekatua…
Felix Mugurutza – Ikertzailea