Etnografia atalak

0

Eibarko koko-marruak eskean dantzan (2014). (Argazkia: E. X. Dueñas)

Jendaurrean gure presentzia nabarmentzeko moduetako bat zarata egitea da, eta, zenbat eta indartsuago, askoz hobeto. Zuzenean edo zeharka, etengabe ikusten eta entzuten ditugu lapiko-jotzeak, txistuak eta megafoniak, era askotako helburuekin eginak, jarduera politiko baten aldarritik hasi eta lan-arloko gai baten aldeko manifestaziora arte.

Mundu tradizionalean nabaria da nola erabili diren kanpaiak, zintzarriak, txilinak eta kaskabiloak, tamaina eta forma guztietakoak, eta gaur egun ere erabiltzen dira. Horiek erakusteko aldi erabakigarria, nolabait, abendua eta inauteri arteko garaia da: Mazedoniako djolomari, Sardiniako boe eta Alemaniako pelzmärtle izenekoak Europa osotik hedatzen den fauna erritual askotariko horren adibide bakan batzuk baizik ez dira.

Aurtitzeko haurrak (Ituren, Nafarroa), urtarrilaren 5ean (2001). (Argazkia: E. X. Dueñas)

Hurbilagokoak ditugu, geografikoki, Kantabriako Vijanerako zamarraco, Zamorako Riofrío de Aisteko carocho, Toledoko Malpica de Tajoko morrache eta Guadalajarako Luzóngo diablo izenekoak, besteak beste.

Garai batean, Epifania eguna eta, zehatzago, haren bezpera, akuilu modukoak izan ziren haurrek, batez ere, diru-eskeen bidez, zintzarriak edo kanpaiak eramanez ospa zitzaten. Zintzarri-jotze horiei euskaraz gare-jotze esaten zaie, eta oso zabalduta egon ziren XX. mendearen amaieran Nafarroa osoan: Erronkari, Zaraitzu, Artze, Aezkoa, Baztan eta Malerreka ibarretan, Erriberri eta Lizarrako merindadeetan, Iruñean, etab.

Tradizio horri eusten zaio gaur egun Iturengo eta Zubietako herrietan. Urtarrilaren 5ean, haurrak eta helduak formazioan ateratzen dira, eskean, etxe, baserri eta kaleetan, zintzarria erritmoan joz. Joaldun sonatuak dira, egun batzuen buruan, hilabete beraren amaieran, inauteri ezagunetan, ibilbide berberak egiten dituztenak, bi herrien arteko auzo-harremanean adiskidetuz.

Joaldunak eskean, Zubietan (2015/01/25). (Argazkia: E. X. Dueñas)

Horrez gain, Euskal Herrian beste pertsonaia batzuk aurkituko ditugu, inauteri garai berean, baita inauteritik kanpo ere, tamaina handiago edo txikiagoko soinu-objektu horiek berak daramatzatela, hala nola Lapurdiko Beskoitze, Hazparne, Itsasu eta Uztaritze herrietan desfilatzen dutenak, Zuberoako Maskaradetan ateratzen direnak, Eibarko koko-marruak, Altsasuko momotxorroak, Unanuko mamuxarruak eta Karrantzan (Bizkaia) Marzas ospatzeko erabiltzen diren ezkilak eta txilinak.

Kontserbazio, suspertze eta berreraikuntzaren arteko nahasketa bat, identitatea azaleratu nahian, eta espiritu txarrak uxatzeko ahaleginean? Atzean geratu ziren alargun bikote ezkongabeei egiten zizkieten zintzarri-jotze ezagunak eta, inoizka, oldarkorrak, baita Xaribari herrikoiak ere (karrosak, kalarrosak, tobera mustrak) —ez azken urteetako aldarrikapen erakargarriak—, bikote-desleialtasuna, instituzioaren botere-abusuak eta auzokoen arteko liskarrak irudikatzen zituzten antzerki modukoak.

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~