Etnografia atalak

0

Gasteizko musika banda txapelketako irabazleak. Iturria: Manolo González Pastor.

Musikak funtsezko zeregina dauka gure tokiko imajinario kolektiboetan. Hain zuzen ere, abagune berezietarako berariaz konposatutako piezak (erlijiozkoak edo zibilak izan) elkarrekin bizi dira, bai ereserki ofizialekin eta “ofiziosoekin”, bai eremu edo herri batean errotutako kantu herrikoiekin, kasu batzuk bakarrik aipatzearren. Musikak kolektibitatea biltzen du: herria inguratzen duen soinu-geruza bat baino gehiago, ospakizuna osatzen duten une eta testuinguru ezberdinak lotzen dituen sarea da. Hala erakusten dute hainbat musika taldek, hala nola bandek, txistulariek, “gaiteroek” edo txarangek.

Landa-mundu tradizionalean, identitate partekatuaren irudikapenaren ildo nagusi izate hori bete dute, neurri handi batean, tokiko musika-bandek. Jarraitzen duten tokietan, jaietan herria dianekin esnatzen dute oraindik, agintariei eta prozesioari lagunduz edo kontzertuak eskainiz, adibidez. Garai batean, gainera, hileta batzuetara joaten ziren edo/eta XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte gure herrietako hezkuntza sentimentalean hain garrantzitsuak ziren asteroko dantza haiek alaitzen zituzten.

Antonio Gallego eta Epifania Zabalaren ezkontzen erretratua, 1934. Iturria: Bea Gallego.

Izan ere, Hezkuntza eta Kultura (horrela, letra larriz) oso mugatuak ziren garaian, bandak benetako kultur eragile gisa aritu ziren. Gutxi eskolatutako gazte askorentzat (duela gutxira arte ez zuten neskarik hartzen) interesa garatzeko eta eguneroko lanetik harago bizimodua ateratzeko prestakuntza jasotzeko lekua izan ziren. Horiek horrela, banda bateko kide izatea nortasun-ezaugarri bihurtzen zen, lanbideetan gertatzen den bezala, batez ere tradizio familiar bat dagoenean. Eta 40ko hamarkadaren amaierako Oionen musikari izatea medikua, botikaria edo epailea izatea bezain entzutetsua izango ez bazen ere, nolabaiteko onarpen soziala ekar zezakeen.

Ordainetan, bandako kide izateak konpromisoa eskatzen zuen. Entseguetara joatea derrigorrezkoa zen, ezinbestean ez bazen. Gerta zitekeen elkartzeko egun finkorik ez egotea edo zuzendariaren konpromisoren batek ordutegi-aldaketak eragitea, garai hartan Paco Ibañezek zuzentzen zuen Unión Musical Oyonesan (Santa Ceciliatik banandua) gertatzen zen bezala. Horrelakoetan, berak egiten zuen deialdia taldeko kide gazteenen bidez, eta haiek iragartzen zuten oihuka etxez etxe, presaka eta muturka: “Urlia! Zortzietan, Akademia”. Musikari haien seme-alaben memorian oraindik ere oihartzuna duen oihua eta zuzendariaren etxean egiten ohi zen entseguaren baliokidea den “akademia” terminoa, zeinaren oinarri filosofikoak eta artistikoak harrotasun profesionala adierazten baitu.

Emanaldiek aparteko diru-sarrerak zekartzaten, etxe askotan oso beharrezkoak ziren sosak. Zuzendariak errepertorioa eguneratzen saiatzen ziren, modako abestien bandarako moldatutako partiturak eskuratuz. Horrek, zalantzarik gabe, ahalegina eskatzen zuen, baina ikasteak adorea eta ospea ere ematen zituen. Gainera, lehiatik bereizteko eta herritik kanpo, banda propiorik ez zuten herrietan esaterako, emanaldiak lortzeko balio zezakeen. Egun batzuetan jo behar bazuten, musikari horiek hainbat etxetan banatzen zituzten eta haien ostatu-gastuak herri horren kontura izaten ziren.

Laburbilduz, musika-kolektibo horiek konbergentzia-nodoak ziren (eta dira): memoria indibidualen eta tokiko imajinarioen artekoak, berezko edo familiako identitateen eta auzotarrekin partekatutakoen artekoak, jatorrizko herriaren eta munduko gainerako herrien artekoak.

 

Beatriz Gallego — Labrit Ondarea

Bibliografia gomendatua:

Moreno, Eduardo. (2019). Más allá de las bandas de música de Rioja Alavesa. Arabako Foru Aldundiaren Argitalpenak.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~