Labayru Gaur

0

Aurten 50 urte dira Gabriel Aresti hil zanetik, eta hori dala-ta hainbat ekitaldi eta jarduera egin dira Bilbon batez be, baina handik gora be bai. Gabriel Aresti erreferentziazko persona izan zan diktaduraren amaieran: idazle barritzailea, euskeraren batasunaren bultzatzailea, gizarte-gaien aldarrikatzailea, Bilboren maitalea. Gazterik hil zan, baina altxor ederra itxi eban euskal kulturaren arloan.

Idazle moduan, literaturan idazlan asko egin zituan, bere osterako ondasun ederra itxiz. Haren poesia ‘poesia soziala’ dala esaten da, gizartean egozan gorabehera eta arazoei heltzen eutsielako bere idatzietan. Langileen aldarrikapenak, baserritarren bizimodua, uria-herriak kontraposizinoa, gaztelania-euskera… Gizartean egozan ardurak eta kezkak agertzen dira bere poemetan.

Baina denporea ez doa alperrik, eta gaur eguneko gazteek nekez ezagutzen dabe ez Gabriel Aresti ez haren obra. Hori dala-ta, Bilboko Udalagaz batera, erronka-joko bat sortu dogu Arestiri buruzko oinarrizko jakingarriak zabaltzeko Bilboko ikastetxeetako DBHko ikasleen artean.

Maila biko jokoak sortu ditugu, DBH 1-2rako bata, eta DBH 3-4rako bestea. Horretan ‘Saco de juegos‘ izan dogu laguntzaile. Bideo baten bitartez, ikasleei erronka bat jarri jake, eta pista batzuei jarraituta, erronka bete eta helburura heldu behar dira. Dana dago Arestiren bizitzari eta lanei lotuta. Izan be, Arestik poesia-liburuak idatzi zituen, aipagarrienak harriaren irudiagaz lotuta dagozala: Maldan behera, 1959; Harri eta Herri, 1964; Harrizko Herri Hau, 1970. Horrez ganera, beste genero batzuk be landu zituan: antzerkia, narratiba, prentsa-artikuluak… Eta haren poema batzuk herri-kantu bihurtu dira hainbat kantarik euren abestiak egiteko bere letretan oinarritu diralako. Oskorri taldeak Gora ta gora beti eta Guretzat berdin dira musikatu zituan; Mikel Laboak Egun da Santimamiña; Urkok Guk euskaraz, zuk zergatik ez; eta Xabier Letek San Simon eta San Juda.

Gure helburua izan da hori dana modu ludiko baten helduarazotea gazteei. Horregaitik, behin edukia sortuta, Bilboko ikastetxe guztiei eskaini jake saioak monitore bategaz egitea, eta interesa euki dauenak erreserbea egin dau. Guztira 40 saio egiten gabilz Bilbo osoan. Gehien-gehienetan jarduereak arrakasta handia izan dau, izan be, ikasleek parte aktiboa hartu dabe eta irakasleen aldetik oso eretxi ona hartu dogu. Urria-azaro bitartean saiook egiten jarraituko dogu.

Baina Aresti ez da aurten agortuko, eta erronka-jokoa ikastetxeen esku geratuko da irakasleek gidatuta nahinoz egin ahal izateko, aurten zein beste urteren baten.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.