Labayru Gaur

0

Ganguren Mendi Taldeak aurten 80 urte bete ditu eta ekitaldi-programa zabalaren bitartez ospatu dau. 75. urteurrenean ezin izan zan ezer egin, pandemia zala-ta, horregaitik aurtengora ekarri dabe ospakizuna. Horren harira, ordu erdiko dokumentala egin dogu, eta liburu baten jaso dogu azken 30 urteotako memoria; izan be, 50. urteurrenean beste liburu bat egin eben ordura arteko historia jasotzeko.

Ganguren mendi taldea da, baina hori baino askoz gehiago da: herria da, Galdakao da, euskera da, familia da. Taldearen transmisinoa familia barruan egiten da, halan heldu da gaur arte belaunaldiz belaunaldi. Mendia eta kultura ditu jomuga, eta arlo bietan jarduera asko eta asko programatzen ditu, urteko egun ia guzti-guztietan zeozer.

Gaur egun Galdakao ezin da ulertu Ganguren kontuan hartu barik. Gainera, ezin da ahaztu herriko beste alkarte esanguratsuakaz batera jarduten dabela, eta alkartasun horrek bai eurei bai herriari askoz indar handiagoa emoten deutsie.

Mendizaletasuna berez da taldean egiteko jarduera, eta gainera balore asko trasmititzen ditu: natura maitatzea, ahalegina, alkartasuna, prestutasuna, herriaganako maitasuna… Hori dana eta gehiago adierazten ditu Gangurenek ezin hobeto.

Talde oso bizia da, zenbatgura jarduera egiten ditu, adin guztietako hartzaileentzat. Oso transbersala da, belaunaldien artean nahiz era guztietako personentzako eskaintza egiteko orduan. Eta, erreleboaren kezka nagusi dan garai honetan, jente gaztea kementsu ikusten da taldean hurrengo urteetan aurrera egiteko.

Zorionak taldekide guztiei, lehengoei, oraingoei eta etorriko diranei!

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.