Eritasun luzaroko baten ondoren joan jaku gure artetik Iñaki Sarriugarte irakasle eta euskal ikertzaile fina. Jaiotzaz bilbotarra genduan, bilbotar euskalduna. Gaztetarik ezagutu dogu euskaldun, ‘euskaldun zahar’. Bilbotar izanagaitik, euskaldun zaharren artean egin dau bizimoduaren zati handi bat. Mungialdeko gazte-lagunakaz ezagutu izan dogu luzaro, eta Gernikako gizartea be hurreko eban gaztetan. Bilbo, zertan esan be ez.
Labayru Fundazioak (lehenagoko Ikastegiak) Derion eratzen eban Udako Euskal Ikastaroan eta Bilbon eratzen eban Euskal Ikasturtean murgildu zan euskal hizkuntza eta literatura ikasketetan, hiru maila eginik (1977 eta 1978 urteetan).
1978ko urte horrexetan hasi zitualakoa daukagu Euskal Filologia ikasketak Deustuko Unibertsitatean. 1980-81 ikasturtean, irakasle sartu barri nintzala unibersidade horretan, ikasle izan neban 3. kurtsoan. Bost urteko ikasketak osotzen eben aldi horretan lizentziatura edo gradua. Euskal ikaskuntzen esparruan, literaturara obendu zan aspaldi horretatik Iñakiren zaletasuna, gramatika kontuetara baino gehiago.
Labayru Fundazioak berak be literaturgintza izan dau sorreratik bertatik enborretariko bat. Derioko Udako kastaroaren irakaskuntzan, ikasketa eta lan-orduen erdia euskal literaturari eskeini izan jako: euskal testuak ikasi, aztertu eta idatziz lantzeari, gramatika alderdi guztiari adina. Eta Iñaki Sarriugarteren lankidetza be ildo horretakoa izan da, batez be Sutondoan bilduman edizino gaurkotuak atontzeko orduan. Ezagunen antzekoak aitatu daiguzan.
Eusebio Erkiagaren elabarri biren edizinoak atondu eta sarrera-ikerketaz beronek hornidu zituan: Batetik bestera (Sutondoan 8) eta Arranegi (Sutondoan 19). Jose Manuel Etxeita idazle mundakarraren Jaioterri maitia (Sutondoan 11) elaberriarena be berea dogu. Oraintsuagokoa dogu Bitoriano Gandiaga poeta bardinbakoaren prosazko Hizlauz idazten (Sutondoan 37) lan azkentsuarena.
Idatz & Mintz aldizkarian aleka-aleka betetu dauen ikertze-lana be ez da edozelakoa izan. 1985ean hasita, behin eta barriro kolaborau izan eban aldizkarian euskal idazleen zein literatura unibersalekoen barri emonaz. Bertsolaritza be behin baino gehiagotan hartu eban berbagai.
Literatura dohaiari eta hizkerearen edertasunari ardura handia hartu deutso gure literatura-ikertzaileak, bera be estilo zoli fineko idazlea izaki.
Literaturaren, berariaz euskererazkoaren, ele ederrei Iñakik izan deutsien eraspen eta begirunearen alderdi bat, batzuetan behar adina autormen egiten ez jakona, irakurle handia eta ohartua izatearena da. Asko irakurten eban, gozatuz eta ondo ohartuz, begi zorrotz eta kritikoz. Horrexegaitik maite zituan espreski zenbait idazle. Begiz jota zituan, berbarako, B. Gandiaga, E. Erkiaga, Lizardi, Mitxelena biak (Salbatore eta Koldo) eta beste hainbat. Estilo onaren eredutzat zituan.
Bertsolaritzaren bere aldiko ibilbideari be hurretik erraikon. Euskal poesiaren ildo bereko sokan kontenplatzen eban bertsogintza.
Mendebalde alkartearen sorreran be Alfonso Irigoienen ekimenez eta bera buru zala sorturiko alkartea kide izan genduan hasieratik bertatik Iñaki Sarriugarte.
Erakunde horren babespean eta eraginez hainbat lan idatzi eta hainbat laguntzino emon eban, bere batzar eta mintegietan beti be zentzun handiko ekarriak eginez eta euskalzaletasun giro gozoari hats emonez.
Irakaskuntza publikoan, institutuan, goi zikloko irakasle izan dogu Iñaki bere ibilbide luzean. Eneko Zuloaga EHUko euskal filologia irakaslea dogu, Iñakik, Arrigorriagako institutoan goi-zikloko irakasle ziharduala ezagutu eta bultzatu eban ikasle euskalzale hautuetariko bat; gerora, berak legetxe, euskal filologia gogotik ikasi eta gaur egun Gasteizko Fakultatean irakasle eta ikertzaile zindo doguna. “Handietan handi” autormena egin deutso sare bidez. Maisuaganako esker onaren ezagugarri. Euskaltzaindiak euskaltzain ohorezko gisa autortu eban lehengo urtearen (2024) azken hilean. Bilboko ‘Sociedad Bilbaina’n, beste batzuekaz batera emeritu izendatu zan arrats-ekitaldi haretan izan genduan geure azkenengo barriketaldi nasaia, emaztea lagun ebala.
Euskerea, herri-jakintza, herri-literatura eta euskal giroa bultzatu izan daben beste hainbat alkarte eta taldetan be sustatzaile eta bultzagile izan dogu Iñaki Sarriugarte. Binke aldizkaria be horren testigu da.
Isiltasun eta apaltasunetik handi izatearen autormena zor jako Sarriugarte euskerazale ikertzaileari. Hots eta ospe handirik atera barik, baina inurriaren antzera txiri-txiri ekinean daragoion idazle literaturazale sentibera izan dogu berau. Errefrau zahar baten mezua iraulitara emonez, “dan bedarra ez dala igartzen” autortu beharko dogu gure literaturzale eta aztertzaile fin honen ibilbidea ezagututa.
Zorretan gagoz, eta izango gara, Iñaki Sarriugarte jaunagaz, batez be Bizkaiko gizartean, nabarmenkeria barik, apalik eta umilik, edozenbat lan egin izanagaitik gure hizkuntzaren eta ele ederren mesedetan.
Adolfo Arejita
2025-07-07
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.