Labayru Gaur

0

Itxialdi honetan oso harrera ona euki dabe “Ipuingintza eta kontalaritza” eta “Euskal kantu eta jolasak” ikastaroek. Maiatzaren 11an hasi dira biak, linean.

Lehen aurrez aurre eskaintzen genduzan ikastaroetatik abiatuta, teoria egokitu eta material barria sortu da. Horretara, lehenengoz eskaintzen diran ikastaro biok interesatu guztientzat zabalik dagoz.

Ikasleen tipologiari erreparatuta, era askotako adin eta intereseko partaideak dagoz: bai Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakasleak, bai literatura zaleak, bai begiraleak, baita familiartean jolasteko errekurso bila dabilzanak be.

Izaskun Iturri irakasle dala, metodologia teoriko-praktikoa erabilten da ikastaro bietan. Ipuinen kasuan, egitura ikasteaz ganera, kontaera modu desberdinak aztertu, ipuinak asmatzeko ariketak egin, bibliografia eskuratu eta bakotxak bere ipuina sortzen dau. Jolasen kasuan, mahai inguruan egiten diranetatik hasita, taldeko jolasak, dantza abestuak eta jolas tradizionalak ikasi eta gogoratzen dira, etxean jolasteko proposamenak be eginaz.

Ikastaroak Classroom eta emailen bitartez emoten dira, eta hainbat aukera eskaintzen dabez: ikasgaietako teoria irakurri, ariketak egin eta bialdu, webgune interesgarrietarako loturak, mezuen bidezko hartu-emona irakasleagaz…

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.