Urteko Batzar Nagusia egin dabe Labayru Fundazioaren laguntzaileek atzo, apirilaren 7an, BBK Aretoan Bilbon. Laguntzaile eta lagunak, guztira 120 lagun batu ginan. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia, Bilboko udala eta Bizkaiko hainbat udaletako ordezkariak batu dira. Baita be BBKtik, enpresa publikoetatik, Elizbarrutiko kultur erakundeetatik. Horrez ganera, bezero, hornitzaile eta inguruko lagun eta jarraitzaileak hainbat batu dira.
Batzarrean, aurreko batzarreko akta onartu, jardueren eta diru-kontuen barri emon eta onartu, eta Artezkaritzako kideak barriztau ziran.
Igazko jardueren laburpena bideo baten bidez egin zan. Aurreko batzarretik hona, bai zerbitzuetan bai ikerketan egindako egitasmoak azaldu ziran. Nabarmenenen artean honako batzuk: Otxarkoagako Lanbide eskolan euskera irakasten hasi gara, normalizazino-plana ezartzeko zerbitzua emoten hasi gara Zaldibarko udalean eta Euskalduna jauregian, andrak Athleticen egindako bideari buruzko bideoa egin dogu, natura eta urteko zikloagaz loturiko siniskerak eta ohiturak bideoan jaso ditugu…
Diru-kontuak be onartu dira. Igazko sarrera-gastuak orekatuta dagoz, urteotako kontentzinoari eutsita. 2025erako aurrekontua be onartu da.
Artezkaritzako kide biren agintaldi-amaiera dala-ta, beste bi aukeratu dira hareen lekurako. Adolfo Arejita barriztau egin dau, beste lau urte jarraitzeko, eta Javier Arrietak itxitako lekuan Andere Goirigolzarri sartu da.
Tartean Leire Barañano Euskorporako zuzendariaren hitzaldia egin da, “Digitalizazinoa eta euskera: mehatxuak eta aukerak” gaiari buruz.
Amaitzeko, Igone Etxebarria zuzendariak, laguntzaile eta lagun guztiei eskerrak emoteaz ganera, urte bi barru Labayruk 50 urte beteko dituala-ta, ordura begira gogoeta, egokitzapena eta erakundea ondo kokatuta aurkezteko egiteko diran bidearen barri emon eban. Euskereari hauspoa emon behar jakola eta, guretik abiatuta, pausoak egiten jarraitu beharra azpimarratu eban. Horretarako agente eta erantzukizun maila guztietako kideen indarra batzeko deia egin eban.