Labayru Gaur

0

Joan dan eguenean, urriaren 22an, Mungiako Udaletxeko Elkartasuna Aretoan, Herri Ondareko Katalogorako fitxa digitalen aurkezpena egin zan. Han alkartu ziran Mungiako Udaletik, Alaitz Erkoreka euskera zinegotzia; eta Labayru Fundazioaren izenean Adolfo Arejita zuzendaria eta Akaitze Kamiruaga Herri Ondare Ataleko arduraduna. Eurekaz izan ziran lekuko batzuk, familia-artekoak, kultur taldeen ordezkariak eta herritarrak.

Hona bideoan Mungiako ondarea

Urteak dira Mungiako herri ondarea batzen eta aztertzen hasi ginala. Lehenengo pausua herriko lekukoei grabazinoak egitea izan zan: larogei ordu grabau ziran. Gero, material hori sailkatu eta landu, 2012. urtean Mungia: bizimodua eta ohiturak liburua argitaratzeko.

Hurrengo pausua Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako unidade didaktikoak sortzea izan zan: Mungian zaharrak barri. Bertan agertzen ziran grabazinoetan bildutako kantak, ipuinak, kontakizunak, etab., beti bere umeentzako ikasgaietan txertatuta.

Ibilbide honetako azken urratsa Herri Ondareko Katalogorako fitxa digitalak sortzea izan da. Dagoeneko, Mungiari buruzko 84 fitxa dagoz katalogoan. Euretan era askotako informazinoa agertzen da: herriko jaiak, ogibideak, ipuinak, kantak, herri egutegiko ospakizunak… Fitxen ardatza lekukoei grabautako bideo-txatala da. Beragaz batera eskeintzen dira bideoetan esandakoen laburpenak bizkaiera jasoan, inork ulertzeko arazorik izan ez dagian.

Fitxok Udalaren web-orrian eta www.herriondarea.eus webgunean ikusi leitekez. Hortxe dozue Mungiari buruzko era askotako informazinoa ikusteko erea. Danontzat probetxugarria izan daitela!

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.