Labayru Gaur

0
Karmele Goñi eta Inese Rotaetxe. 2015

Martiaren 9an hil da Inese Rotaetxe Chalbaud Donibane Lohizunen. Ines familia euskaltzale handi bateko kidea dogu, bera izan dan moduan. Donibane eta Kanbo inguruan euskal giroa ereiten nabarmendu izan dira.

Haren ahizteak, Tere Rotaetxek, ikastolen sorrerako mobimentuaren historian presentzia handia dauka, eta euskerea eta euskal kulturari laguntzeko beste egitasmo askotan be.

Labayru Fundazioan Laguntzaile izan ditugu biak, Tere sortzaileetako bat zan, eta Inese gerotxuago Laguntzaile egindakoa.

Iparraldean bizi izan badira be, Hegoaldeagaz eta Bilbogaz hartu-emon handia euki dabe. Derioko Udako Ikastaroetan Iban eta Myriam Larroulet ezagun-ezagunak ziran, Ineseren seme-alabak. Labayruko Laguntzaileen urteko Batzar Nagusira be askotan etorri izan da Inese.

Barri honetarako aukeratu dogun argazkian Karmele Goñigaz dago, 2015eko Batzar Nagusian. Biak dira joan doan belaunaldi bateko ereduak eta azkenengotako kideak. Andra konprometiduak, beharginak, euskerea eta euskal kultura familian eta gizartean zabaltzeko ahalegin eta behar asko egindakoak, eta ez beti behar beste aitortu eta estimaduak.

Asko zor deutsie gaurko euskal gizarteak belaunaldi horretako andra eta familiei. Euren ondasun, indar eta familiak gizarte-helburu jakin batzuen alde jarri izan dabez, trukean ezer eskatu barik. Labayrutik, Ineseri eskertu egin gura deutsagu emondako laguntasuna. Eta bide batez, haren moduan hainbeste behar egindako andra guztiei.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.