Labayru Fundazioa

Labayru Fundazioa 1977an sortu zan, euskal kultura ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko asmoaz. Helburu zabal horri erantzun guran, hainbat arlo lantzen ditu, ikerketa edo zabalkunde mailan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskeraren erabileraren normalizazino planak, etnografia, lexikografia…

Kulturgintza guzti horren osogarri garrantzitsua da Euskal Biblioteka, Euskal Herriari eta hizkuntzari jagokezan gaien ondare aberatsa gordeten dauena: liburutegia, hemeroteka, argazki-artxiboa, ikus-entzunezkoak, kartelak eta papergintza mota guztiak (liburuxkak, pegatinak, egutegiak…).

Labayru Fundazioa bizkai euskera idatziaren arautze, ikertze eta bultzatze lanetan erreferentziazko erakundea da: corpusak batzen eta lantzen, jarraibideak emoten, lan didaktikoak sortzen eta irakasten.

Hizkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu, batetik: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, erabilera planak, berariaz. Eta bestetik, ikerketari zuzendua dago, euskal hizkuntza, literatura, etnografia eta bibliografia ildoetan, bereziki. Jarduera biak lotuta dagoz, ikerketaren emaitzak zerbitzuetan eskaintzen diralako eta argitalpenen oinarria diralako.