Labayru Gaur

0
Adolfo Arejita, Aitor Aretxaga, Naiara Ruiz, Ziortza Artabe, Joseba Agirreazkuenaga.

“Burdinea Mape errekan” izeneko ibilbide bideoa aurkeztu eben Labayru Fundazioak eta Busturiko Udalak, Altamira auzoko kultura etxean, urriaren 16an, barikuz, iluntzeko 7:30etan, 2015eko Ondarearen Europako Jardunaldien barruan burdinea ardatz dala Bizkai mailan urri honetan eratu dan egitarau zabalaren barruan.

Ondoren Joseba Agirreazkuenaga irakasleak, herriko seme eta historiagile ezagunak, burdingintzak Busturian ezagutu dauen prozesua kontestu zabalagoan txertatu eban. Bizkai mailan eta Europa mailan burdingintzak jasan dituan atzera-aurrerak zehaztasunez eta era didaktikoan aurkeztu zituan, eta langintza bera mendez mende zelan eta zein baldintzatan egiten zan argitu.

Busturi goialdean XV. mendera arte egon ziran haizeola zahar hareen ondoren zelan eregi ziran burdinolak, zeharrolak eta ola txikiak, eta burdingintza sistema horren ondoren, zelan bihurtu ziran errota hareetako asko.

Ibilbide bideoan ondo agiri danez, XVII. mendean bost burdinola ziran Busturian: Arbe, Alargin, Beotegi, Zeleta eta Olabarria.

Errotak oraintsuragora arte iraun eta burdinolak baino ugariagoak izan dira Mape errekearen Sollubetik itsasoetarako bidean. Ibilbide horretan, Txarapiola, Zeleta, Alarbingoikoa, Alarbinbekoa, Olaerrota, Amasuntxe, Apraizkoerrota, Mojua, Beotegierrota eta Ganpe.

Labayru Fundazioaren aldetik Adolfo Arejita zuzendaria eta Ziortza Artabe teknikaria izan ziran. Busturiko Udalaren izenean alkatea, Aitor Aretxaga, eta kultura zinegotzia, Naiara Ruiz. Herritarren partaidetza trinkoa egon zan ekitaldian, berrogehi ikus-entzule gitxi gorabehera.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *