Etnografia atalak

0

Jesus Unibaso behia eskuz jezten Urdulizen. Iturria: Jesus Unibaso.

Garai batean behiak eskuz zelan jezten edo erasten zituzten hartuko dugu hizpide. Behiak eraisteko, nolabaiteko giro lasaia sortu behar izaten zen ukuiluan. Kortako azpiak garbitu, eta behiei pentsua botatzen zitzaien askan, geldi-geldi egon zitezen.

Balde batean ura jarrita, ondo garbitzen zitzaizkion animaliari erroak, errapea. Eta, gero, aulkia hartzen zen, hiru hankakoa eta erdian zulo bat zuena, batetik bestera erraz eroateko modukoa.

Antzina, zuzenean jezten zen esnea zinkezko balde batera; baina, gerora, hura erortzeko arriskua zela-eta, lehenengo tanke edo ontzi batera ateratzen zen esnea eta handik baldera botatzen zuten. Hala ere, zuzenean baldera eraitsiz gero, bereziki plastikozko baldeen erabilera zabaldu zenean, ontziari belaunez eta oinez ondo eusteko ardura hartu beharra zegoen, ontzi horiek ez baitira batere egonkorrak.

Argi ibili beharra zegoen, era berean, behiaren buztanarekin: behiaren atzeko hankari lotu ohi zitzaion, jezleari aurpegian jo eta begian min ez emateko edo esnea lurrera ez botatzeko. Aurrerago, ohitura hartu zen behiaren hanka haren bizkarrari lotzeko, dendan erosten zen burdinazko tramankulu batekin.

Jezlea behiaren eskuineko aldean esertzen zen; eskuinaldean, animaliari atzetik begiratuta. Baldea erabiliz gero, bi erro eraisten ziren aldi berean, esku bakoitzarekin bat, norberaren hurbilenekoak lehenik, eta urrunenak gero. Esne neurria edo tankea erabiliz gero, aldiz, banan-banan jetzi behar ziren erroak, esku batekin, bestearekin ontziari eutsi behar zitzaion-eta.

Errazagoa da erro gogorra jeztea erro bigun edo zimela jeztea baino. Eta, behin lanean hasita, jarraitu egin beharra dago erroak gogortu arte. Komeni da lehenengo igurdi batzuk egitea errapeari, ondo bete dadin, eta prozesua ez etetea, esnea galtzeko arriskua baitago. Behi batzuk eraisten errazak izaten dira, eta zailak, aldiz, beste batzuk. Kontuz ibili behar da lehenengoz eraisten diren behiekin, erroak minbera eta kilikabera izaten baitituzte; ostikadak ematen dituzte, burdin euskarria askatzerainoko indarraz.

Behiak egunean bitan jezten ziren, goizean eta iluntzean. Horretarako, arropa jakin batzuk erabili behar izaten ziren lan horretarako propio, asko zikintzen zirelako eta usain txarra hartzen zutelako.

Ondo jezteko, gainerako lan guztietarako bezalaxe, eskua behar da. Berriemaileek diotenez, emakumeak iaioagoak dira gizonak baino, oro har esku leunagoak dituztelako eta behien erroek eskertu egiten dutelako, agian.

Behiak umea egin eta hurrengo hiru hilabeteetan ematen du esne gehien; susara dagoenean, apur bat jaisten zaio ekoizpena, eta ernaldian, are gehiago. Gero, egunean bi jetzialditik bakarrera murrizten da, bateratu egiten da, eta ernalditik sei/zazpi hilabete igarota, antzutu egiten da, lehortu.

Jezteko makinak agertu izanak izugarri erraztu zituen lanak. Gernikaldean 1960ko hamarkadaren amaieran hasi ziren makinok erabiltzen.

Segundo Oar-Arteta — Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~